Bera Bera Eskubaloiarena da Liga titulua (18-32)
Talde donostiarrak ez du huts egin, eta liga irabazi du.
Bera Bera Eskubaloia Ligako txapelduna da. Taldearen historian lehen aldiz, donostiarrek liga tituluaren garaikurra altxatu dute Castron. Erreginaren Kopa eta Superkoparen ondoren, Liga titulua lortu du. 18 eta 32 irabazi dio Castrori.
Lehen zatian uste baino gehiago sufritu du talde donostiarrak. Ez du asmatu bere jokoa josten partidaren hasieran. Bigarren zatian hasi da partida hausten, zazpi goleko aldeaz irabazten ari zenean. Gogotsu atera dira, eta aurretik jarri dira; ez zuten ligak ihes egiterik nahi eta. Partida hamaitzeko ordu laurden falta zenean ere argi utzi du garaipena eskuratuko zuela, hamar goleko aldearekin irabazten ari baitziren donostiarrak.
Sailkapenean liderra zen Bera Bera. Castro, ordea, azkena. Liga titulua, beraz, eskura zuen Bera Berak. Aurreikuspen guztiak bete dira, eta ez da ustekaberik egon. Taldeak Parte Zaharrean ospatuko du garaipena, Txuleta jatetxean.
Zaleen babes handia jaso dute Castron. Ikusle gehienak donostiarrak izan dira-eta. Festa izugarriaz gozatu dute zaleek harmailetan. Donostiako martxa ere entzun da harmailetan.
Reyes Karrere entrenatzailea eta Eider Rubio jokalariarentzat azken partida izan da eta une hunkigarriak bizi dituzte Castron.
Astelehenean, udalbatza aretoan egingo diote harrera; denboraldi bikainagatik zorionduko dituzte. Izan ere, Donostiako Udalak harrera antolatu dio. Ekitaldia astelehenean izango da, 19.00etan.