Olatu Talkako azken ekimenak aurkeztu dituzte
250 ekimen baino gehiago egingo dituzte asteburuan; 2.000 lagunetik gorak hartuko dute parte.
Jendaurrean jarri dira asteburuan egingo duten Olatu Talkan parte hartuko duten ekintzaileetako asko. Talde-argazkia eskaini dute Viktoria Eugeniako Club aretoan. Donostia 2016ren proiektu zuzendari Igor Otxoak asteburan kaleak hartuko dituzten jende kopurua “zirragararria” dela adierazi du.
Egitaraua itxita dagoela azaldu du, aurten gainera, Olatu Talka zabaldu izana azpimarratu du, hainbat auzotan egingo baitituzte ekimenak, eta baita Donostiatik kanpo ere; “Olatu Talkaren edizio honetan, sekula baino jarduera gehiago egingo dira, 250 inguru eta 2.000 eragiletik gora izan dira horien prestakuntzaren atzean”, esan du Otxoak.
Aurten, berritasun bezala, egitarau osoa webgunean PDF formatuan jaisteko aukera azpimarratu dute. Bestalde, gogorarazi dute, eguraldiaren arabera, aldaketak jasan ahal izango dituela egitarauak. Hala, uneoro webgunean berrituko dute informazioa. Adi egoteko esan dute, batik bat, kalean egingo dituzten ekimenei dagokionez.
Aldaketa horietako bat da Hey ya! Esnatu! hainbat disziplinarteko lanarena. Krisialdi garaian, kontzientziak esnatzea helburu duen arte fusio lana, ostiralean Trintxerpeko kaian egingo dute 18:00etan eta larunbatean Okendo plazan 20:00etan.
Hainbat ekimen esanguratsu
Gainera, asteburuan “toki esanguratsuenak” izango direnak azpimarratu dituzte. Hala nola, jende gehiena pilatzea aurreikusten dutenak. Horien artean Ziklobia egitasmoa azpimarratu dute, eta bertan pate hartzeko asmoa dutenei jateko zerbait emateko gonbita luzatu diete, izan ere, horretarako lekuak egokitu baitituzte.
Bestalde Pintxo Stop ekimena azpimarratu dute, Stop Kaleratzeakek antolatuta, hiriko hainbat tabernetan, etxe kaleratzeen aurkako pintxoak eskainiko baitituzte.
Azkenik, Donostia Festakeko Maria Jesus Torresek Olatu Talkaren hasiera ekitaldia izango dena azaldu du. Ostiralean, Bretxa inguran egingo dute 12:0etan. Hala ere, “sorpresaz beteriko” ekitaldia izango dela soilik aurreratu du.



