Eguraldi txarrari aurpegi ona jarri diote Larratxon
Morlans eta Bidebietako jaiak maiatzaren bukaeran ospatu zituzten, festa horiekin ekin baitzioten jaien denboraldiari. Bada gaur Larratxoko jaiei egokitu zaie txanda. Euriak agurtu ditu festazaleak, baita jaiei hasiera eman dieten suziri eta petardo sortari ere, baina auzotarrek irrifar batekin egin diote aurre eguraldi txarrari. Ohi bezala, Josu Artetxe plaza izan da jaien abiapuntuaren gune nagusia. Bertan, Larratxo ibilbidea eta Bertsolari Txirrita kalearen artean, buruhandiek eta txarangak girotu dituzte festen lehen minutuak, 19:30ak aldera. Haur eta gazte ugari ibili dira han eta hemen: inguruan jarritako postu eta zaldiko-maldikoetan, lehenengo; eta buruhandietatik ihes egiten, ondoren. Helduek, berriz, atari irekian baino, aterpean edo tabernan egotea nahiago izan dute.