Jai egitarau oparoa prestatu dute larratxotarrek
Igandea arte ospatuko dituzte auzoko festak. Ohi bezala, Josu Artetxe plaza da jaien gune nagusia. Txokolate jatea egingo dute ostiralean haurrentzat (17:30). Gainera, auzoko elkarteek prestatutako opiltxoak izango dituzte askari gisa. Indarrak hartu beharko dituzte, 19:30ean hara eta hona korrika ibiliko direlako buruhandi eta erraldoiekin. Zezensuzko bat ere izango da.
Helduak dotore jantzi beharko dira ostiral arratsaldean, 19:00etarako poteo elegantea egingo dute eta. Elektrotxarangaren erritmoan tabernaz taberna ibiliko dira. Ondoren, sardina eta saiheski jatea egingo dute, 20:45ean. Bapo afaldu ondoren, dantzarako unea izango da. 80ko hamarkadako musikaren erritmoan jarriko ditu dantzan auzotarrak Txema B.B. DJak.
Hip hop doinuak Amalgama taldeak ekarriko ditu, 23:00etan; eta musika elektronikoa Nano eta Asier Meataka DJek. Gauerdian auzotarren danborradak girotuko ditu kaleak Jatorrenak fanfarrearekin. Eta eguna bukatzeko, berbena Hacker orkestrarekin.
Larunbata auzoko aiton-amonentzat prestatutako hamaiketako batekin hasiko dute, 11:00etan; eta haurrentzako hainbat tailer egingo dituzte. Paella prestatzen iaioak diren auzotarrak 12:00etan hasiko dira lanean. Juan Mari Arzak sukaldariak esango du 13:30ean zein den onena; eta ondoren, denok paella bazkaltzera. Gauerdian pop rock musika joko dute The Joseans, La Moska Tao eta El Extraño taldeek. Eta igandean, Sagardo Eguna egingo dute, 11:30ean.