Taldearen eta traineruaren aurkezpena egin dute kaian (Argazkia: E. Zabala)
Donostiarra Arraun Elkarteak denboraldi berriari hasiera emateko aurkezpena egin du Kaiko arranpan, gaur goizean. Bertan, hainbat zaleren aurrean, kuadrilla zein traineru berria aurkeztu dituzte. Izan ere, iazko taldeko arraunlari asko galdu ditu Donostiarrak; hala ere, etxeko talde gaztea du, eta gogor ari dira lanean guztiak ere, Xabier Zabala entrenatzailearen gidaritzapean. Traineruari dagokionean, ‘platanito’ moduan ezaguna diren horietako ontzi bat erostea lortu du klubak. Hainbat babesleren laguntzari esker egin du lorpena, eta
Torrekua II izenarekin bataiatu du. “Dirudienez, ziabogak azkarrago hartzen ditu, eta marruskadura gutxiago egiten du du uretan. Ikusiko dugu”, aipatu du Unai Elizasu arraunlariak traineru berriaren inguruan.
Zaleez gain, babesleak eta udaleko hainbat ordezkari ere bildu dira kaian. Guztiek ere, norantza berean arraun egitea dute buruan, eta giro polita sortu dute; noski, pintxoek eta sagardoak ere ez baitute hutsik egin. Aurreskua izan da lehen protagonista, eta ondoren, Oier Iurramendi eta Arnaitz Lasarte bertsolari hernaniarrek hartu dute hitza. “Jende berria, talde berri bat, baina ilusio berdina”, abestuz bukatu du bertsoa Lasartek. Besteik, traineruari babesa eman dioten hiriko 13 gastronomia elkarteak ere ordezkatuak egon dira gaurko ekitaldian. Izan ere, elkarte bakoitzeko ordezkari bana bildu dira, bakoitza bere elkartearen izena daraman arraunarekin, eta elkarte bakoitzak arraunlari bati eman dio arrauna, era sinbolikoan.
Alberto Goitia eta Juan Karlos Izagirre alkateak hitza hartu dute, eta euren aurpegietan poztasuna nabaria zen. Hasteko, babesle guztiei emandako babesagatik eskerrak eman dizkie presidenteak, baita udalari ere. Presidenteak gogoan izan ditu Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak arraun elkarteak, “beraiek gabe ez litzateke proiektu hau posible izango”, esanez; klub horietatik iristen baitira nagusiki Donostiarrako arraunlariak. Gainera, Goitiak esan du zuzendaritza ziur dagoela taldeak bere maila ongi erakutsiko duela uretan; eta oraindik bazkide ez diren donostiar arraunzale guztiei klubarekin bat egiteko deia egin die. Alkatea ere baikorra izan da, eta zorte ona opatu dio taldeai. “Oraingo honetan, ilusio horrekin ziur nago albiste onak iritsiko direla, eta zergatik ez, garaipenak ere. Gure aldetik eskatu dezakeguna da lana txukun-txukun egitea, saiatzea, bai baitakigu horretan ari zaretela, eta zorterik onena opa dizuegu. Seguru gaude Donostiaren izena goian ibiliko dela berriro ere, eta pozten gaitu halako arraunlariak edukitzeak”, adierazi du alkateak.
Edonola, lehengo astean abiatu zuen Donostiarrak KAE-1 Liga, Zierbenan, zortzigarren postuan geratuz. Asteburu honetan, berriz, bihar izango du estropada, Elantxoben, 12:00etan.