Jorge Ignacio Davila (kartelaren egilea), Nerea Txapartegi (Kultura ordezkaria), Iñaki Agirregomoskorta (Euskaltel), Juana Maria Gallastegi (epaimahaikidea) eta Rafael Agirre (epaimahaikidea). (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Su artifizialen lehiaketaren historia gogora ekarriko dute Alderdi Ederren, erakusketa berezi batean.
1964. urtean izan zen Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren lehen ekitaldia. Aurten 50 urte bete ditu, eta Europako lehiaketarik zaharrena da. Gaur 50. ekitaldiaren kartela eta egitaraua aurkeztu dituzte.
Jorge Ignacio Davilak egin du kartel irabazlea. Kursaal zubiko farolak, suak eta izozkiak dira berak sortutako piezaren protagonistak: “Nire emazteak eman zidan ideia. Aste Nagusian ohikoa zer den galdetuz gero, erantzuna sinplea da, ‘
Izozkiak erosi eta suak ikustera joan’. Gogoeta horretatik abiatuta nahastu nituen hiru elementu horiek. Izozkiaren bola Kursaal zubiko farolarekin irudikatu dut, eta kukurutxoa ere jarri diot”.
Davilaren kartela suen historian sartuko da. Eta hain zuzen, herritarrek Donostiako suen historiako une gogoangarrienak ikusteko aukera izango dute. Erakusketa bat irekiko dute Alderdi Ederren. Argazki, albiste, kartel eta beste hainbat pieza zaharren bidez suen mende erdiko historia ekarriko dute gogora.
Zaragozako suak izango dira lehenak
Abuztuaren 10ean hasiko da 50. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa.
Pirotecnia Zaragozanaren gaua izango da. Haiek lortu zuten duela 50 urte Urrezko Maskorra. Donostiako lehiaketan gehien parte hartu duen su etxea da. Portugalgo
Grupo Luso Pirotecniaren txanda izango da abuztuaren 11an, igandean. Lau aldiz parte hartu du lehiaketan, eta 1997an Urrezko Maskorra lortu zuen. Bizkaiko
Astondoa piroteknia abuztuaren 12an lehiatuko da. Su etxe honek egin zuen lehiaketako lehen ikuskizun piromusikala, 2008ko Aste Nagusian. Abuztuaren 13an Valentziako
Pirofantasia su etxea lehiatuko da. Hiru aldiz irabazi du Urrezko Maskorra. Iaz Ikusleen Saria eskuratu zuen. Abuztuaren 14a Alemaniako
Ip Innovative Pyrotechnik GmbH su etxearen gaua izango da. Urrezko Maskorra lortu zuen 1999an, eta lau aldiz parte hartu dute lehiaketan. Abuztuaren 15ean Valentziako
Ricasa pirotekniaren txanda izango da. Maskor gehien irabazi duen su etxea da, 14 sari guztira. Eta lehiatzen azkena
Australiako Foti International Fireworks su etxea izango da, abuztuaren 16an. Sidneyn urte berriari ongi etorria egiten dion su festen ikuskizunaz arduratzen da Foti.
50. Su artifizialen Nazioarteko Lehiaketako kartela.
Valentziako Europla pirotekniak egingo du aurtengo ikuskizun piromusikala. Abuztuaren 17ko gaua girotuko dute, Alderdi Ederretik egingo duten ikuskizunarekin. Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak aurkezpenean azaldu duenez, 50. urtemugari keinu txiki bat egingo dio Valentziako su etxeak.
Segurtasun neurri berriak
Ikuskizun piroteknikoen segurtasunaren inguruko araudia aldatu du Europak, eta neurri berriak ezarri ditu. Nerea Txapartegik azaldu du neurri hauek 2017rako ezarri behar direla, baina Madrilek jada neurri horiek aurten ezarri dituela. Hori dela eta, Garibai kalea arte zabalduko dute segurtasun eremua (orain arte Ijentea kalea arteko eremua itxi dute). Garibai kalea bera itxita egongo da. Lehen 132 metroko segurtasun eremua eskatzen zen, eta orain 250 metrokoa.