Sagardoaren kulturan murgildu dira donostiarrak
http://youtu.be/CP4svHqqFJc
Sagardogintzaren inguruko ohiturak berreskuratu dituzte Kizki Egunean.
347 kizki lagun bildu dituzte Konstituzio plazan.
V. Kizki Eguna ospatu dute gaur Donostian. Sagardogintza sustatzeko abentura hau Astigarragan sortu zen 2009an, eta orduz geroztik Oiartzunek, Goizuetak eta Hernanik ere bat egin dute. Parte Zaharrak hartu du bosgarren ekitaldia; izan ere, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea izan da jarduera honen bultzatzailea Donostian. Konstituzio plazan sagarra eta sagardoaren kulturan murgiltzeko aukera izan dute herritarrek, ohiko sagardo dastaketatik harago.
Auzoko sagardotegi zaharrak ezagutzeko bisita gidatu batekin hasi dute eguna. Unai Gaztelumendik bertsotan kontatu du garai batean sagardozaleen bilgune izandako tokien historia.
Azkarrenak, oiartzuarrak
Konstituzio plazaren erdian sagar formako eremu bat hesitu dute. Belarrez estali dute lurra, eta bezperan Oiartzungo baserri batetik ekarritako sagarrekin bete dute. Gune honetan lehiatu dira Oiartzun, Astigarraga, Goizueta, Hernani eta Donostiako taldeak. Sagar bilketaren inguruko herri kirol probak egin dituzte. Sagarrak kizkiarekin bildu dituzte saskira, eta handik zakura. Ondoren, beraiek betetako zakuak lera batera igo, eta hamar plaza egin dituzte. Azkarrenak oiartzuarrak izan dira: 13 minutu eta 9 segunduko marka egin dute. Bigarren postuan, Astigarragako taldea: 13 minutu eta 22 segundu. Hirugarren postuan, Goizueta: 16 minutu eta 26 segundu. Laugarren, Hernani: 16 minutu eta 32 segundu. Eta azkenak, donostiarrak: 17 minutu eta 34 segunduko denbora egin dute. Imanol Mendizabal, Imanol Yarza, Ane Loidi eta Josune Uranga izan dira lehiakide donostiarrak.
Sagar biltze herrikoia
Jendeak sagardogintzarekin lotutako jardueretan parte hartzea da Kizki Egunaren helburu nagusia. Horregatik, erronka bitxi samarra du egun honek: ahalik eta kizki lagun gehien elkartzea. Hau da, kizkia eskuan ahalik eta herritar gehien elkartzea. Donostian Hernanik iaz lortutako marka hautsi nahi izan dute, baina ez dute lortu: 347 lagun sartu dira Konstituzio plazan prestatutako gune berezian. Kizki Egunak jendetza erakarri badu ere, asko ez dira parte hartzera animatu.
Hurrengo urtean Errenteria-Oreretak hartuko du Kizki Eguna egiteko lekukoa.
[Gallery=100]