Aurkezpena Anoetan egin dute, goizean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Berrikuntza garrantzitsu batekin dator aurten 15 kilimetroko Donostiako Klasikoa. Izan ere, lasterketa nagusiaz gain, emakumeen partaidetza bultzatzeko, beraiei bereziki zuzendutako 5’5 kilometroko lasterketa paralelo bat ere antolatu dute. Urriaren 20an jokatuko dituzte bi lasterketak, hiriko kaleetan barrena. Gainera, rollerrek eta elbarriek ere parte hartuko dute.
15 kilometroko lasterketa Amarako Madril hiribidetik irtengo da 10:00etan, eta Zurriola, Kontxa eta Igaratik igaroko da. Momentuz, 4.300 lagun inguruk eman dute izena, eta 5.500 ingurura iristea espero dute. Gainera, bertako atleta ezagunen partaidetza espero dute, Sergio Roman eta Claudia Beobide besteren artean.
Lasterketa laburrena 9:45ean abiatuko da, eta bereziki kirolean hasiberriak diren emakumeei zuzendua dagoen arren, gizonezkoek ere parte hartzeko aukera izango dute. “Geroz eta gehiago dira atletismoan dabiltzan emakumeak, eta aukera honekin pixkanaka distantziak igotzen joateko aukera izango dute”, aipatu du Atletismo federazioko Mikel Odriozolak. Oraingoz 140 lagunek eman dute izena, baina gehienezko partaidetza 600 atletetan jarri dute eta atleta gehiago animatzea espero dute.