Pentsiodunei eragingo dieten murrizketak saihesteko neurriak eskatuko ditu Bilduk
Udal gobernuak erakunde adierazpen bat aurkeztuko du hurrengo osoko bilkuran pentsioak eskualda ditzala eskatzeko Madrilgo Gobernuari. Pentsioak urtero gutxienez KPI adina igotzeko ere eskatuko du Bilduk, eta baita % 0,25a soilik igotzeko ezarri nahi duten neurria indargabetzeko ere.
Espainiako Alderdi Popularraren gobernuak egindako beste murrizketa baten aurrean dagoela jendartea salatu nahi du Bilduk, milaka pentsiodunek dagoeneko nahiko murriztuta jasotzen dituzten pentsioak berriro murriztuko direla ohartaraziz. “Rajoyren gobernuak pentsiodunak estutu nahi ditu orain, lehen langileak, osasuna, hezkuntza… estutu zituen moduan; eta ez dago hori onartzerik”, dio Bilduk.
Egoera horren aurrean, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzea eta pentsioak bere gain hartzea ezinbestekoa dela uste dute. Horregatik, berandu izan baino lehen, eta ezarri nahi dituzten murrizketak saihesteko, erakunde adierazpen hau aurkeztuko du Donostiako Bilduk:
1-Donostiako udalaren osoko bilkurak pentsioak urtero gutxienez KPI adina igotzea bermatzeko eskatzen dio Espainiako Estatuko Alderdi Popularraren Gobernuari, bai eta, % 0,25 soilik igotzeko ezarri nahi duen neurria indargabetzeko ere.
2-Donostiako udalaren osoko bilkurak pentsioen eskumena EAEri ahalik eta lasterren eskualdatzeko eskatzen du; eskumen hori erabiltzeko, gure etorkizuna erabaki ahal izateko eta murrizketarik gabeko pentsio duinak bermatzeko, besteak beste.
3-Donostiako udalaren osoko bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio neurri egokiak har ditzala Alderdi Popularraren Gobernuak Espainiako Estatuan egindako murrizketek euskal pentsiodunei ez eragiteko.