Dastatze beganoa antolatu du Askekintza Animalista elkarteak Zurriolan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Askekintza Animalista elkarteko kideek karpa bat jarri dute Beganismoaren Nazioarteko Egunaren harira.
Gaur Beganismoaren Nazioarteko Eguna da, eta dastatze beganoa antolatu du Askekintza Animalista elkarteak. Zurriola pasealekuan karpa bat jarri dute gaur goizean, eta hamaika pintxo prestatu dituzte. Bertatik pasa direnek aukera izan dute pintxo horiek guztiak probatzeko: oliba patea, patata tortila, enpanadak, bizkotxoa, errusiar entsalada, arroz esnea eta azenario patea, besteak beste.
Gainera, oinarrizko plater begano batzuk etxean prestatu ahal izateko errezetak ere eman dituzte Askekintza Animalistako kideek: “Jendeak janari goxoa dela ikus dezan nahi dugu. Goxo jan dezakete, eta denetarik, eta inori minik egin gabe. Etxean egin ditzakete eta prestatzeko errezak dira”. Barazkijaleak dira beganoak, barazki jale soilak; ez dute ez arrautzarik, ez eztirik, ez esnerik ez eta animaliengandik sortutako produkturik ere jaten.
Beganismoaren inguruko informazioa ere eman dute, eta jarrera etiko bat dela defendatu dute. Mugimendu beganoa gero eta ezagunagoa den arren, oraindik informazio asko falta dela azaldu du Lide Treku Askekintza Animalistako kideak: “Erakutsi nahi dugu gainera, ez garela xomorro batzuk. Pertsona normalak gara, egin dugun gauza bakarra da gure ideiekin koherentea izatea. Animaliarik gabe bizi gaitezkeela uste dugu, animaliak libre izanik”. Desinformazio handia ere badagoela ohartarazi du Trekuk: “Zoritxarrez medikuek ez dute formazio handia elikaduran, eta beti mezu bera ematen dute, denetik an behar dela, eta denetik ez baduzu jaten ez zaudela ondo elikatuta. Eta hori ez da egia. Nutrizionista askok diote dieta begano ona daramatenek osasun hobea dutela”.