Bertsoek hartu dituzte Bulebarra eta Trinitate plaza
Nerea Elustondok eta Amets Arzallusek batean, eta Gaztelumenditarrek bestean kantatu dute.
San Tomas eguneko ekitaldien artean, bertsolariek ez dute hutsik egin. Nerea Elustondo eta Amets Arzallus Bulebarreko kioskoan aritu dira kantari, eta Gaztelumenditarrak, berriz, Trinitate plazan. Umoretik izan dute ukitua bi saioek, eta Arzallusek, esaterako, Igeldoko afera plazaratu du: “Eguerdi on donostiarrei ta igeldotarrei ere bai” ; eta hala erantzun dio Elustondok: “Kategoriaz hazi egin da nahiz ta azaleraz txikitu”. Bulebarreko saioan bi bertsolariek euren gaurko janzkerak ere izan dituzte bertsotarako gai, eta Ametsek BECeko txapelaren ordez amak oparitutakoa ekarri duela ondorioztatu dute. Elustondok, berriz, gona tradizioak jarraitzeari esker baino ez duela janzten aitortu du.
Gaztelumenditarrek zegokiena baino 35 minutu beranduago hasi dute euren saioa, Trinitate plazan. Izan ere, aurretik abesten aritu den taldeak bere kantaldia beranduago bukatu du. Hala, berandu bukatzearen ospea beraien erruz ez dela esan dute bertsolariek, aurrekoei errua botaz; hala ere, luzatzeko arriskua badutela aitortu du Beñatek: “Gu hasi errex egiten gera, baina bukatzea kosta”. Noski, Unaik aukera ezin alde egiten utzi, eta Beñaten BECeko saioa aipatu du: “ta orain Trinia betea baina, txikia iruituko zaizu”. Beñat ez da ixilik geratu, eta segituan esan dio, badakiela izugarri gustatu zitzaiola anaiari agurra berari eskaini izana; Unaik zazpigarrenaren agurra baino txapelduna nahiago zuela erantzun dio txantxetan.
Gustura egon dira bertsozaleak bi saioetan, eta txaloek, noski, ez dute hutsik egin.