
Loiolan jokatutako Gabonetako Pilota Txapelketako finalistak, euren garaikurrekin. (Argazkia: E. Zabala)
Alde Zaharra Kirol Elkartearen Gabonetako Pilota Txapelketak jada baditu irabazleak, abenduaren 31n jokatu baitzituzten finalak.
Gabonetan pilotak lekua izan du hirian, eta bai Altzako eta bai Loiolako frontoietan pilota partidak jokatu dituzte. Batetik, Gabonetako XV. Pilota Txapelketa antolatu du Altzatarra Kirol Elkarteak, eta eskuz binakako eta pala motzeko partidak egon dira jokoan. Urtarrilaren 6an izango da finalen txanda, 11:15ean, eta bertan honako partidak jokatuko dituzte; Pala motzean, Landeta-Loureiro eta Zabalza-Nicuesa bikoteak arituko dira, eta eskuz binaka, Urbieta-Arruti eta Altuna-Telletxea bikoteak. Bestetik, Alde Zaharra Kirol Elkarteak ere Gabonetako Pilota Txapelketa antolatu zuen, eta Loiolako frontoian hainbat kategorietako partidak jokatu zituzten abenduan barrena. Alde Zaharreko pilotariez gain, Herrera zein Andoingo pilotariak ere aritu ziren lehian, besteren artean. Zehazki, abenduaren 31n jokatu zituzten maila guztietako finalak, hainbat pilotazaleren aurrean, eta haur eta gaztetxoek izerditu ostean gustura jaso zituzten euren sariak.