Bosgarren tokia indartu egin du Realak gaurko garaipenari esker; sailkapenean puntu bakarreko aldea dago txuri-urdin eta zuri-gorrien artean.
Anoetan bildutako milaka realzaleak pozik daude olatu txuri-urdinean. Realak Athletici irabazi dio 2-0. Ez da ondo zelairatu Reala. Lehen ordu laurdenean zuri-gorriek presioa egin die goitik eta zelai erdian, eta Realari kosta egin zaio partidan sartzea. Athletic-ek, berriz, indar handia erakutsi du lehen minutuetan, eta ondo lehiatu da.
Denborak aurrera egin ahala, partida aldatzen hasi da, eta Athletic baloia lortzeko zailtasunak izan ditu. Markagailua hutsean egon da lehen zatiaren bukaera iritsi arte: Griezmannek sartu du lehen gola, 44. minutuan. Jokaldi erabakigarria izan da berea. Neurketaren hondarrean, Athletic erasoan itsu-itsuan ari zenean Ruben Pardok kontraeraso bikaina egin du bigarren gola sartuz.
Hiru puntuak etxean geratu dira, eta Realak gertuago du ligako laugarren postua. Sailkapeneko bosgarren postuan dago Reala, eta Athletic laugarrenean. Orain puntu bakarreko aldea dago bi euskal taldeen artean.