Euskal sortzaileak eta nazioartekoak nahastu eta ezagutarazi nahi ditu Revolutionary Brothersek
Unai eta Iker Martinez anaiek musika elkartea, zigilua eta estudioa eratu dituzte, eta Basque Times Riddim proiektuan sartuak dabiltza buru-belarri.
Revolutionary Brothers Sound Sistemek urteak daramatza musikaren inguruan lanean. Unai eta Iker Martinez anaia donostiarrek osatzen dute taldea, eta euren ibilbidean pauso bat haratago ematea erabaki dute. Groseko Gloria kalean dute estudioa Revolutionary Brothersek, eta hori dela eta, hitz jokoa eginez, Revolutionary Brothers zigilua sortzearekin batera, IndaGlory Studios sortu dute. Proiektu bat ere abian jarri dute, Basque Times Riddim izenburupean. Bertako zein nazioarteko musikariak batu, abestiak sortu, elkarrekin kontzertuak eman eta ezagutaraztea da euren helburua. Parte Zaharreko A fuego negro jatetxean egin dute guztiaren aurkezpena, gaur goizean, jatetxe horrek musikarekin duen lotura gustuko baitute.
Bereziki reaggaea da Revolutionary Brothers bikotearen oinarri musikala. Hala, hortik abiatuta, hainbat nahasketa egiten dituzte. Basque Times Riddim proiektuari dagokionean, lehen biniloa aurkeztu dute gaur. Pablo Gad musikariak 1970. hamarkadan Ingalaterran sortutako Hard Times erritmo ezaguna berpiztu zuen Far east band talde alemaniarrak; eta erritmo horixe berreskuratu dute diskoa osatzeko.”Bere garaian oso erritmo ospetsua izan zen, baina urte horietan guztietan inork ere ez du berriro erabili, eta ahazturik zegoen”, aipatu du Iker Martinezek. Tenor Fly, General Levy, Marina P eta Kong Konsul musikariek egin dituzte diskorako abestiak, guztiek ere erritmo bera oinarritzat hartuta, Hard Times. Lehen hiru artistak Europa mailan aski ezagunak dira, eta Kong Konsul euskal artistak ere ibilbide oparoa egina du.
Guztira biniloaren 500 kopia egin dituzte, eta Europa osoan zehar zabalduko dute. Martxoan, bigarren binilo bat kaleratuko dute, beste lau abestirekin, eta apirilean, bi biniloetako abesti guztiak jasoko dituen CDa argitaratuko dute. Nazioarteko musikariak Donostiara kontzertuak ematera etortzen direnean Revolutionary Brothersek eurekin bat egiten du, estudioan kolaborazioak egiteko, eta apiriletik aurrera, Europan kontzertuak emango dituzte euren lana ezagutarazteko.