Donostiako Udaltzaingoak kalteen kontrola egin du
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak atzo, urtarrilak 6, arratsaldeko denboralearen eta olatuen ondorioz sortutako kalteen kontrola burutu du. Salamanka pasealekuko hainbat bulegotan oso larriak ez diren kalteak sortu dira: 11.zenbakian ura sartu da, kalte handirik gabe eta Arreta Zerbitzuak bulegoan eta Bai Garbi lokalean produktu batzuk kaltetu dira. Hala ere, olatuen ondorio latzenak jasan behar izan dituena Kaskazuri jatetxea izan da, fatxadan, paretetan eta altzarietan.
Bestalde, atzo Salamanka pasealekuko zenbait auto kendu behar izan zituzten eta horietan ere kalteak egon dira; baita farola, trafiko seinale eta zakarrontzietan ere, besteak beste. Pasealeku Berria, Salamanka pasealekua, Haizearen Orrazia eta akuarioaren ingurua itxita jarraituko dute eta bitartean garbiketa lanak egingo dira, ibilbideko harriak garbitzeko. Seguruen Konpentsazio Partzuergoak kalte ordainak ordainduko ditu. Kalteak izan dituzten hiritarrek informazio guztia jaso dezakete www.consorseguros.es webgunean edota 902 222 665 telefonoan.