Aho batez berretsi dituzte Hiritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra
Joaquin Fuentes psikiatrak jasoko du, haurren autismoa ikertzen egindako lanarengatik eta Donostiaren izena munduan zabaltzeagatik. San Sebastian egunean emango diote saria, 12:00etan.
Adostasunezko udalbatzarra
Lauzpabost minutuko txanda aurten sarituko dituzten pertsona eta elkarteen lana goraipatzeko erabili du alderdi politiko bakoitzak.
Juan Karlos Izagirre, alkateak adierazi duenez, “sari hauek oso baliagarriak dira gizarte hobeago bat sortzeko helburuarekin zenbat donostiar ari diren lanean konturatzeko”. Bost domina banatuko dituzte, erabat arlo ezberdinetan lan egiten duten pertsona eta elkarteren artean.
Urrezko Danborrari dagokionez, Joaquin Fuentes psikiatra haurren autismoaren ikertzaile gisa mundu mailako erreferentzia bihurtu dela adierazi du Izagirrek. “Doan tokira doala, beti Donostia darama gogoan”, gaineratu du alkateak, eta nazioarteko biltzar esanguratsuenak Donostiara ekartzeko Fuentesek egiten duen ahalegina ere eskertu du.
Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramaileak San Sebastian egunaren ospakizunen baitan sarituko dituzten pertsona eta elkarteen lana aitortu du. “Sari hauek hiritarren aitortza dira; musu truk hiriaren onerako lanean jarduten duten herritarrei egiten zaien aitortza”, esan du Gascok. Donostiar askok merezi dutela saria gaineratu du zinegotzi sozialistak, eta zaila dela “onenen artean onena” aukeratzea. Dena dela, saritutako guztiek ezaugarri bat dutela oinarrian esan du Gascok: gizartearekiko konpromisoa.
Ramon Gomez, PPko bozeramaileak ere aitortza merezi duten beste donostiar asko badirela adierazi du, baina gustura agertu da, eta aitortza hauekin Donostiaren aurpegirik sozialena sarituko dutela esan du.
Aipamen berezia egin dio Joaquin Fuentesi zinegotzi popularrak, eta saria mediku psikiatrak jasoko badu ere, Urrezko Danborra autismoarekin estuki loturik bizi diren familia guztientzako keinu bat ere izango dela adierazi du.
Eneko Goia, EAJko bozeramailea pozik agertu da gaurko udalbatzarrean lortu den adostasunarekin. Saridunak zoriondu ditu eta bere esker ona adierazi die hiriaren alde egiten duten lanagatik. “Hiritar Merezimenduaren Dominek hiriaren arlo ezberdinak ordezkatzen dituzte, eta horrek erakusten digu gizarte lanean zeinen aberatsa den Donostia”, esan du Goiak.
Joaquin Fuentesen izendapenari dagokionez, “bi aurpegiko danborra” izango dela aurtengoa esan du Goiak. Alde batetik, autismoaren ikerkuntzan Fuentesek egiten duen lana eta Gautena egitasmoaren bidez autismoa duten pertsonei eskaintzen zaien laguntza goraipatu ditu.
Bestetik, Joaquin Fuentesek Donostiaren irudia eta nortasuna mundu mailara zabaltzea ere txalogarria dela aitortu du Goiak.
Alderdi politiko guztien onarpenarekin, aho batez berretsi dituzte beraz, aurtengo sariak.
Laudorio eta esker oneko hitzak izan dira gaur nagusi Udalbatza aretoan. Presazko eta ez-ohiko udalbatzar baten bidez Hiritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra jasotzeko izendapenak berretsi dituzte.
San Sebastian bezperan, urtarrilaren 19an, 12:00etan banatuko dituzte Hiritar Merezimenduaren Dominak. Donostiako hiriaren alde eginiko lanaren onurak goraipatzeagatik, honako lagun eta erakunde hauek jasoko dute saria aurten:
-Angel Garcia Ronda, idazle, politikari eta ekonomista.
-Daniel Zulaika, ihesaren aurkako borrokan jardun duen medikua.
-Vicenta Benitez, haur sahararrak uda Donostian pasatzera ekartzen dituzten familien ordezkaria.
-Erroak Sartu Donostia elkartea, gizarteratzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten duen elkartea, aurten 25 urte bete dituena.
-Itxaropenaren Telefonoa, bakarrik sentitu edo hala behau duen herritarrei entzuten jarduten duen elkartea.
Urrezko Danborra, berriz,