Azken atxiloketak gaitzetsi ditu bozeramaileen batzordeak
Bildu, EAJ eta PSE-EEren botoekin onartu dute testua; PP ez da bileran izan.
Atzoko zortzi atxiloketak, tartean hiru donostiarrenak, gaitzetsi ditu Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Onartu duten testuaren arabera, Euskal Herriak bizi duen testuinguru politikoan, eta bakea eta bizikidetza demokratikoa ezartzeko prozesua irmotuko delako itxaropenean oztopo dira azken atxiloketak.
Hori dela eta, euskal herritar guztien giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eskatu dute. Bestetik, prozedura honen inguruko ebazpen judiziala berehala emateko eskatu dute, beraien esanetan hala ez baitira atxilotuta dauden pertsonen eskubideak gehiago urratuko.
Azkenik, donostiarrei eta euskal gizarte osoari herritar horien eskubideen alde lanean jarraitzeko eskatu die Bozeramaileen Batzordeak; jarrai dezatela giza eskubideak aldarrikatzen, eta areago testuinguru politiko honetan, onartutako testuaren arabera, “denok egin behar baitugu lan bakea eraikitzeko eta irmotzeko”.