Gaur hasi eta martxoaren 19a bitartean 22 saio dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Urria eta abendua bitarte auzipetuen eta fiskaltzaren lekukoen deklarazioen txanda izan zen. Orain fiskaltzaren, akusazioaren eta polizien txanda zabaldu dute. Gaur hasita 22 saio dituzte aurretik 35/02 sumarioko auzipetuek; martxoaren 19a izango da azken eguna.
Juani Lizaso, Joseba Alvarez eta Agus Rodriguez donostiarrek deklaratu dute epaiketa honetan. Epaiketa honen jopuntuan daude gainera Antiguotarrak, Hontza, Illunki, Herria eta Marruma elkarteak.
Ondorio “oso larriak” atera dituzte auzipetuek datozen saioei begira: Justiziaren “okertzea” eta prozedura penalaren “bihurritzea” salatu zuten. Abenduan jaso zuten datozen hilabeteotan
herriko tabernen auzian emango diren pausoen aurrerapen txostena Auzitegi Nazionaletik. Dokumentua zuzenbidean eta zigor legeetan adituak diren hainbat kiderekin aztertzen aritu dira ordutik. Karmelo Landa auzipetuak adierazi du jarritako egutegia eta plangintzak interpretazio gardena duela: «Fiskaltzak eta akusazioak hilabete hauetarako prestatu dute beraien erasoa». Esan du ez dutela froga objektiboetan oinarritutako akusaziorik eta, ondorioz, poliziak peritu lanetan arituko direla horien aurkako akusazioa egiteko.
Gaur abiatuko dira Madrilera, eta datozen bost egunetan 19.242 eta 18.350 polizia zenbakidunak arituko dira deklaratzen. Baina ez dira polizia gisa joango, peritu tituluarekin joango dira Auzitegi Nazionalera. Landaren arabera, aurretik egon diren bestelako sumario politikoetan aritutakoak dira bi horiek, besteak beste,
Euskaldunon Egunkaria, Udalbiltza, Bateragune eta 18/98 auzietan.