Golik gabeko berdinketarekin bukatu da Anoetako partida
Realak eta Vila-realek jokatutako Kopako partidan ez da ezer ere erabaki; datorren astean beste bi norgehiagoka jokatuko dituzte elkarren aurka, Ligakoa bata, eta Kopako itzulerakoa bestea.
Kopari zegokion partida jokatu dute Realak eta Vila-realek Anoetan, gaur arratsaldean, eta golik gabeko berdinketarekin bukatu da lehia. Etxeko taldeak zein bisitariak golerako hainbat aukera izan dituzte, baina batak zein besteak huts egin dute. Beraz, final zortzirenetan aurrera bi taldeetako zeinek egingo duen ostegunean erabakiko da, El Madrigalen jokatuko duten partidan. Hori baino lehen, ordea, bi taldeek berriro ere elkarren aurka jokatuko dute; izan ere, astelehenean, Ligako partida izango dute, El Madrigalen, 22:00etan.
Reala bihar itzuliko da Zubietara, asteleheneko partida prestatzera, eta igandean bidaiatuko du. Ostegunean, Kopako itzulerako partida jokatu ostean, Madrilera joango da Jagoba Arrasateren taldea. Izan ere, igandean Alfonso Perez Coliseumen Ligako partida jokatuko dute, Getaferen aurka, 12:00etan.
Hau da taldearen datozen egunetako plana:
– Bihar, ostirala, 11:00etan, entrenamendua Zubietan.
– Etzi, larunbata, 11:00etan, entrenamendua Zubieta.
– Igandea, 12:00etan, entrenamendua Zubietan (itxita). Arratsaldean, bidaia.
– Astelehena, Ligako partida Vila-realen, 22:00etan.
-Osteguna, Kopako partida Vila-realen.
-Igandea, Ligako partida Getafen.