Hiru euskal sortzailek Polonian egonaldi artistiko bat egiteko aukera izango dute
Etxepare Euskal Institutuaren webgunearen bidez edo bulegoan bertan (Prim kalea, 7) aurkez daitezke proiektuak.
Donostia 2016 egitasmoaren helburuetara hobekien egokitzen diren proiektuak aukeratuko dituzte. “Sormena eta sortzaileak elkartu eta aberasteaz gain, sormen lan hauek emaitza zehatzak ematea nahi dugu. Horregatik deialdia oso zabala da”, esan du Goenagak. Arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak…edozein izan daiteke disziplina. Gainera, artistek banaka zein beste artistekin batera landu ahal izango dute euren proiektua egonaldi horretan; “azken helburua Wroclaw eta Donostiaren artean zubi artistiko eta kulturalak eraikitzea baita”, esan du Goenagak.
Egonaldi artistikoa ekaina edo uztailean egingo dute, eta artista bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu.
2014a, erakartzeko urtea
Itziar Nogerasek aurreratu duenez, aurtengoa “herritarrak erakartzeko urtea” izango da. Proiektuak zehazten doazen heinean, herritarren parte hartzea eta ilusioa piztea lortu nahi dutela esan du Nogerasek.
2016 Fundazioak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarrekin garatu duten lehen egitasmoa da gaur aurkeztu dutena: Wroclaw (Polonia) hirian hiru euskal artistek egonaldi artistiko bat egiteko aukera ematen duen deialdia, alegia.
Abenduan lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten 2016 Fundazioak eta Etxepare Euskal Institutuak. Akordio horren garrantzia azpimarratu dute Itziar Nogeras, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren zuzendari orokorrak eta Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak. Euskal hizkuntza eta kultura ezagutzera, sustatzera eta hedatzera zuzendutako jarduerak elkarrekin garatzea dutela helburu adierazi du Aizpea Goenagak. Itziar Nogerasen hitzetan, berriz, “2016 Fundazioak ezinbestekoa du beste erakunde eta eragileekin batera lan egitea bere bidea garatzeko, eta proiektu hau horren adibide da”.
Euskal sorkuntza nazioartean
Euskal artisten mugikortasuna erraztea, sortzaileen arteko sareak finkatzea eta arte-disziplina nahiz kultura ezberdinen arteko elkarrizketa sustatuz elkarren arteko aberastasuna elikatzea dira gaur aurkeztutako egitasmoaren helburuak.
Hala, hiru artista euskaldunek Wroclaw hirian, 2016an Donostiarekin batera Europako kultur hiriburu izango den hirian, 15-20 eguneko egonaldi artistiko bat egiteko aukera izango dute. Abenduan argitaratu zuten deialdia, eta eskabideak aurkezteko epea otsailaren 28an amaituko da.