Txema Garcia: "Kolpe erraz batean eta zuzenean iristea nahi genuen"
Donostiako TGA+Asociados diseinu grafiko estudioak egin du 75. Musika Hamabostaldiko kartela.
Dagoeneko badu kartel ofiziala 75. Musika Hamabostaldiak, eta gaur aurkeztu dute. Normalean artista bati ematen dio kartela egiteko enkargua hamabostaldiko antolakuntzak, aurtengoan, berriz, diseinu grafiko estudio bati egin dio eskaria. Zehazki, Donostiako TGA+Asociados estudioa arduratu da kartela egiteaz. Estudioaren izenean, Txema Garciak hitz egin du gaurko aurkezpenean, eta kartela egitea ohore bat izan dela aipatu du. “Kolpe erraz batean eta zuzenean iristea nahi genuen, eta 75a protagonista izatea”, azaldu du Garciak. Pentagrama bat irudikatu dute kartelean, bestelako sofistikaziorik gabe. Anbiguotasunik gabeko kartela egiten saiatu dira Garciaren hitzetan, eta zuria eta beltza musika klasikoarekin oso lotuak ikusten dituztelako hautatu dituztela azaldu du.
Gainontzean, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendaria pozik agertu da. Izan ere, hiru erakunde publiko nagusietatik jasotzen duten diru laguntzak igo egin direla jakinarazi du. Hala, kolokan bazegoen ere, aurten opera ezagun bat egongo dela ziurtatu du, eta balleta Kursaalera itzuliko dela ere aurreratu du.