Arraun denboraldia hasi da
Urumean hasi da larunbata eguerdian arraun denboraldia, Gipuzkoako Batel Ligako lehen jardunaldiarekin. Eguraldi ederra egin du, eta zale ugari bildu dira Urumearen inguruan, urteko lehen estropadak ikusteko. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Batel Ligako lehen jardunaldia Hernaniko Arraun Elkarteari egokitu zaio antolatzea, eta aurreko urteetan bezala, Donostian izan da. Aurten, ordea, ibilbidea Loiolatik Txomin Enea aldera izan beharrean, bestalderuntz egin dute, Ur-Kirolaken egoitza ingurutik abiatuta. Haur mailakoek 1.000 metro egin behar izan dituzte; kadeteek, 1.500 metro; eta jubenil eta seniorrek, 2.000 metro. Donostiarra klubeko arraunlariek batel bat uretaratu dute, lehen aldiz, eta Hernani, Tolosa, San Juan, Orio eta Hibaika klubetako batelak ere aritu dira lehian, besteak beste. Erlojuaren kontrako saioak izan dira, eta une askotan, beroketa egiten eta lehiatzen ari zirenak kontutan hartuta, hamarnaka batel ikusi izan dira Urumeako uretan. Orotara, 93 batel lehiatu dira.
Gipuzkoako Batel Ligak, guztira, 13 jardunaldi izango ditu eta martxoaren 30ean jokatuko dituzte azken estropadak, Getarian. Ondoren, apirilaren 5ean eta 6an Gipuzkoako Batel Txapelketaren txanda izango da. Ondoren, trainerilla denboraldia hasiko da, traineruen denboraldiaren atarikoa.



