Atxilotuak espetxeratzeko agindua eman du Eloy Velasco epaileak
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko zortzi atxilotuak espetxeratzeko agindua eman du gaur arratsaldeko lehen orduan Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak: Jon Enparantza antiguatarra, Groseko Aitziber Orkolaga eta Joxe Campo egiatarra, tartean. Hiru donostiarrez gain, Arantza Zulueta, Aitziber Sagarminaga, Egoitz Lopez de la Calle, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz kartzelaratzeko agindua eman du.
Epaileak argudiatu du aske utziz gero ihes egiteko eta frogak deusezteko arriskua dagoela, “atxilotu zituztenean egiten saiatu ziren moduan”. Velascok frogatutzat ematen du Espainiako Barne Ministerioak operazioaren berri aldez aurretik eman ondoren, bitartekariak frogak deusezten saiatu zirela. Horrenbestez, Guardia Zibilak berak egindako akats hura atxilotuak espetxeratzeko arrazoi gisa erabili du epaileak.
10:30ean hasi dira gaur deklaratzen epailearen aurrean zortziak, eta asteazkenetik egon dira Guardia Zibilaren esku, komunikatuta, konfiantzazko abokatuarekin. Ez dute deklaraziorik egin, ez egunotan Guardia Zibilaren aurrean, ezta gaur epailearen aurrean ere, eta zortziek baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua jaso dute.

