Eskaut Gia danborradako kideek igoko dute San Sebastian eguneko bandera
Emakume eta gizonek osatutako lehen konpainia osatu zuten gazte aisialdi taldekoek.
“San Sebastian eguna iristeko zazpi egun falta dira. Donostiarron festa handia da, danbor eta upelak atsedenik gabe jotzeko eguna”. Halaxe hasi du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak San Sebastian egunaren aurkezpena, udaleko batzar aretoan. The English School ikastetxeko haurrek ordezkatuko dituzte aurtengoan danborradako pertsonaiak, eta Danbor Nagusiaren postua, berriz, Aitor ikastolako ordezkari batek beteko du; guztiek bat egin dute gaurko aurkezpenean, hainbat komunikabideren aurrean. Izagirrek azaldu duenez, Eskaut Gia konpainiako kideak arduratuko dira aurtengo San Sebastian egunari hasiera emateaz. Hala, eurek igoko dute jaia inauguratzen duen bandera, igande gauean, Konstituzio plazako liburutegiko balkoian. Zehazki, Eskaut Gia danborrada 1982an atera zen lehen aldiz, eta gizon eta emakumeez osatutako hiriko lehen helduen konpainia izan zen. Donostiako hainbat eskaut eta gia taldeen artean sortu zuten danborrada.
2014ko San Sebastian egunean guztira helduen 128 danborrada ibiliko dira hirian barrena, 127 konpainia ofizial eta Ur-Kirolak Arraun Elkartearen herri danborrada. Aurten DYAko danborrada ez da aterako, baina hiru danborrada berri batuko zaizkio jaiari: Iluari futbol kluba (Amara-Loiolako Erribera), Morlanstarrak auzo elkartea (Amara-Loiolako Erribera) eta Centro Burgales Castellano Leones (Gros). Hala, 15.143 helduk osatuko dituzte danborradak. Nerea Txapartegik gaurko aurkezpenean gogorarazi du azken urteetan berdintasunaren alde pausoak eman dituzten arren, oraindik egiteko lan asko dagoela. Aurtengo berrikuntzen artean, esaterako, hiru konpainia daude: Itxas gain (Gros), Umore ona (Gros) eta Kainoieta (Parte Zaharra). Hiru konpainia horiek orain arte gizonezkoek bakarrik osatu dituzte, eta aurten, lehen aldiz, emakumeek ere bat egingo dute. Guztira, 127 danborrada ofizialetatik 10 izango dira gizonezkoek bakarrik osatuko dituztenak.
Garai bateko herritarrak ere, karrozan
Haur danborradaren aurkezpena ostiralean egingo dute, 12:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian. Bertan konpainia guztietako ordezkariak bilduko dira, eta Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoekin gozatzeko aukera izango dute. Pailazoez gain, Gero Axular Dantza Taldea, Antiguako bertso eskola, Eskai Gia danborrada, Donostiako suhiltzaileak eta Euskal Herriko Unibertsitateko saskibaloi taldeko jakalariak ere aurkezpeneko protagonistak izango dira. Haur Danborrada izaten da urtarrilaren 20ko jai handian eguraldiaren menpe egoten den jarduera bakarra. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, astelehenean euria egingo balu, desfilea igandean egingo lukete, hau da, urtarrilaren 26an. Igandean ere eguraldi txarra izan ezkero, bertan behera geratuko litzateke ospakizuna, 2015a arte.
Guztira, 43 eskoletako 50 konpainiek parte hartuko dute urtarrilaren 20ko Haur Danborradan. Hala, guztira, 4.635 haurrek zeharkatuko dituzte hiriko erdialdeko kaleak, horietako %54a neskatoak izango direlarik. The English School ikastetxeko haurrek ordezkatuko dituztenez pertsonaiak, eskola hori izango da desfilea itxiko duena, dagokion karrozaren aurretik. Malen Arrieta izango da aurtengo Danbor Nagusia, Sara Esnal Easo Ederra, Jenerala Oihana Etxezarreta eta laguntzailea Jude Ozores. Eurekin batera izango dira, damak, batelariak, iñudeak, iruleak, urketariak eta palagrezainak. Gainera, berdintasunaren alde jokatuz, aurten lehen aldiz, bi mutikok Donostiako garai bateko herritarrak ere ordezkatuko dituzte karrozan.
Donostiatik haratago
Donostian ez ezik, Munduko beste hainbat txokotan ere San Sebastian eguna osatzen dute hainbat herritarrek. Hala, alkateak azaldu du Euskal Etxe guztietara eskutitz bana bidali dutela San Sebastian eguneko irudiak bidal ditzatela eskatuz.

Haur Danborradako pertsonaiak udaletxean egon dira gaur. (Argazkia: E. Zabala)

