Realeko Nahikari Garciak 17 urtetik beherako Espainiako selekzioaren deia jaso du
Añorgatik Realera iritsi berria da Urnietako aurrelaria.
Gabonetan fitxatu du Realeko Superligako taldeak Nahikari Garcia. Urnietako aurrelari gazteak momentuz bi partida bakarrik jokatu ditu talde txuri-urdinarekin, Levanteren eta Athleticen aurkakoak. Lehena 1-1eko berdinketarekin bukatu zen, eta joan den larunbateko derbia, berriz, 1-2ko porrotarekin. Hala ere, ez da ustekabean igaro jokalaria, eta dagoeneko 17 urtetik beherako Espainiako selekzioaren deia jaso du. Hala, gaurtik asteazkenera Las Rozasen egitekoak diren entrenamendu saioetan parte hartuko du. Garciak 16 urte baino ez ditu, eta zazpi urtez Añorgan jokatu du.
Superligari dagokionean, datorren asteburuan Bartzelona izango da Realaren aurkaria.

Nahikari Garcia, larunbatean jokatutako derbian. (argazkia: realsociedad.com)

