
Izotz hockey taldea, Txuri Urdinen.
Aurten egingo dituzte Txuri Urdineko lanak. Epeka egingo dituzte konponketak, baina EAJ “kezkatuta” agertu da izotz jauregian entrenatzen duten bi taldeengan lanek sor ditzaketen ondoriengatik. Hori dela eta, Aldundiaren aurrean Txuri Berri, patinaje artistikoko taldearen eta Txuri Urdin izotz hockey taldearen interesak defendatzeko eskatu dio EAJk Juan Karlos Izagirre, alkateari.
Martin Ibabe, zinegotzi jeltzalearen hitzetan, “bi kirol talde hauek maila handia dute eta lanek bateragarriak izan behar dute euren kirol jarduerarekin; horretarako, neurriak garaiz hartu eta lanak ardura egin beharko dira”.
EAJko kideek ez dute ukatzen Txuri Urdin Izotz Jauregiaren eraberritze lanak beharrezkoak direnik, baina bi kirol taldeekin elkarlana eskatzen dute, “ondorioak eta eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen”, nabarmendu du Ibabek.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde jeltzaleak Ikerne Badiola, Kultura eta Kirol diputatuaren agerraldia ere eskatuko du, lanen nondik norakoen berri emateko.