Xabier Etxeberria: "Ez gaude etxean geratzeko moduan, gure haserrea adierazi nahi dugu"
Duintasuna Elkarteak elkarretaratzeak hilero egingo ditu, hilabeteko lehenengo astelehenean, Getaria kaleko Santander bankuaren aurrean.
Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak elkarretaratzea eta manifestazioa egin du gaur goizean, Getaria kaleko Santader bankuaren aurrean. 50 lagun inguru elkartu dira Osakidetzan eta pentsioetan hartzen ari diren neurrien aurrean euren desadostasuna adierazteko. Bertan, hileko lehenengo astelehenetan elkartuko dira, gaurkoa bigarren astelehena izan da lehenengoa Errege eguna izan zelako, eta ahalik eta jende gehien hurbiltzea dute helburu. “Ez gaude etxean geratzeko moduan, gure haserrea adierazi nahi dugu eta horixe da gure eginkizuna. Orain arte lortutakoa mantendu behar dugu”, adierazi du Xabier Etxeberria pentsiodunak.
Elkartzeko deia ez diete jubilatuei bakarrik luzatu. Izan ere, pentsioen gaia gazteei ere eragingo diela diote eta euren etorkizuna arriskuan dagoela sinisten dute. “Atzetik datozenak oso lasai daudela ikusten dugu, baina gazteak pentsiorik gabe gelditzeko arriskuan daude. Hona etorri behar dira, bere pentsioen alde borrokatzeko”, esan du Etxeberriak.
Osakidetza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa izatea nahi dute eta sendagaien berrordainketaren aurka bi hilabetetan 53.000 sinadura bildu zituztela gogorarazi dute. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna nahiko ez dela adierazi dute.


