AHTaren aurkako protestara deitu dute biharko
Sustapen Ministerioak udalarekin, aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin izango duen bileraren harira egindako protesta izango da.
Espainiako Sustapen Ministerioak AHTaren Donostiako sarbideaz jarduteko bilera bat iragarri du Donostiako Udalarekin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. AHTaren aurkako Donostiako taldeak eman du bilera honen berri, eta protesta moduan “ekitaldi kontra informatibo bat” egingo duela plazaratu du. Udaletxearen aurrean egingo dute elkarretaratzea bihar, osteguna, 11:30ean.
Eusko Jaurlaritzak Ergobian AHTaren Donostiarako behin behineko sarbidearen lanak hasi dituela, eta Astigarraga-Oiartzun-Lezo zatian ere AHTren obrak 2014 urtearen amaieran edo 2015aren hasieran esleituko dituztela azaldu du. “Erabaki horrek eskualde osoan azpiegitura berrien kalteak biderkatuko ditu”. Donostian Martuteneko ibarrako nezakaritza gunea erabat suntsituko dutela ohartarazi dute.
Udaleko kargu politiko jakin batzuek “hirigintza espekulatzailean oinarrituriko eredu kapitalista” ontzat ematen dutela salatu dute. Atotxako tren geltokia, autobus geltoki berria eta Tabakalera obra “faraoniko” bakar batean barneratu izana jarri dute adibide gisa, eta “pelotazo urbanistikotzat” jo dute.