Danborradak balkoietatik ikusteko zozketa egin dute
http://youtu.be/3NE7ANgqNFU
Izena eman dutenek udal webgunean kontsulta dezakete irabazleen zerrenda.
San Sebastian egunean banderaren igoera eta jaitsiera Konstituzio plazako balkoitik eta Haur Danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko ia 4.500 herritarrek eman dute izena. Gaur arratsaldean egin dute zozketa, udaletxeko Udalbatza aretoan eta bertan izan dira Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, eta Axier Jaka Partaidetza zinegotzia. Beraiekin batera, Haur Danborradako protagonistak izan dira eta hiru haurrak izan dira zozketaren zenbakia atera dutenak, Aitor ikastolako Malen Arrieta Danbor nagusia eta The English Schooleko Alejandro Belmont y Eduardo Sanjurjo, hain zuzen ere. Zenbakiak ateratzen publikoan boluntario gisa eskaini den laugarren pertsona bat ere egon da.
Konstituzio plazako eraikineko lehen pisurako guztira 60 plaza zozkatu dituzte, hau da, 30 urtarrilaren 19ko banderaren igoerarako eta beste 30 urtarrilaren 20ko banderaren jaitsierarako. Udaletxetik, berriz, 48 lagunek jarraitu ahal izango dute 12:00etan hasten den Haur Danborrada, 24 leku zozkatuko baitituzte. Bi danborradetako irabazleek beraiekin batera lagun bat eraman ahal izango dute.
Banderaren igoerarako atera den zenbakia 2.727 izan da; beraz, 2.727 eta 2.756 bitarteko zenbakiak dituztenek urtarrilaren 19an Konstituzio plazako balkoian izango dira. Banderaren jaitsierari dagokionez, 2.757 eta 2.786 zenbakien bitartekoek izango dute festa bertatik bertara gozatzeko aukera. Azkenik, hirugarren zenbaki bat atera dute, Haur Danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko. 663 izan da eta 663 eta 686 bitarteko zenbakiak dituztenek izan dira irabazleak. Hona hemen, beraz, emaitza:
- Haur Danborrada, irabazleak 663 zenbakitik 686 zenbakira.
- Bandera igoera, irabazleak 2.727 zenbakitik 2.756 zenbakira.
- Bandera jaitsiera, irabazleak 2.757 zenbakitik 2.786 zenbakira.