Pablo Malo hilaren 27an hasiko da Lasa eta Zabala kasuari buruzko lana filmatzen
Baiona eta Tolosan gertatuko da filmaren zatirik handiena.
Lasa eta Zabalaren kasua film bilakatuko du Pablo Malo zinemagile donostiarrak. Filmak milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du gutxi gorabehera, eta Joxean Lasa eta Joxi Zabala GALek bahitutako gazte tolosarren istorioa kontatuko du. GALek 1983an bahitu zituen Lasa eta Zabala, eta torturatuta hil zituzten. Bien gorpuzkiak Alacanten azaldu ziren (Herrialde Katalanak), 1995ean.
Euskal Herrian gertatuko da filmaren zatirik handiena, Baionan eta Tolosan. Joanes Urkixo bilbotarrak idatzi du gidoia. Filma euskaraz egingo dute, baina pertsonaia bakoitzak bere hizkuntza naturalean hitz egingo duela azaldu dute egileek.
Unax Ugalde, Iban Garate eta Francesc Orella aktoreak agertuko dira filmean, besteak beste. Hilaren 27an hasiko dira filmaketa lanetan, eta aurtengo Donostiako Zinemaldiko sailetako batean lehiatu nahiko lukete. Abra ekoiztetxearen, EITBren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana izango da.

