Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Hiritar Merezimenduaren Dominen ekitaldiarekin eman diete hasiera San Sebastian eguneko ospakizunei

Juan Karlos Izagirre, Angel Garcia Ronda, Daniel Zulaika, Igone Birto, Vicenta Benitez eta Juan Carlos Redondo. (Argazkia: Aritz Sorzabal)

Juan Karlos Izagirre, Angel Garcia Ronda, Daniel Zulaika, Igone Birto, Vicenta Benitez eta Juan Carlos Redondo. (Argazkia: Aritz Sorzabal)

Angel Garcia Ronda, Daniel Zulaika, Vicenta Benitez, Erroak Sartu eta Intxaropenaren telefonoa. Hiritar Merezimenduaren Dominarekin saritu dituzte gaur bostak, San Sebastian eguna lehertzeko ordu gutxiren faltan. Udalbatzarren aretoa lepo bete dute herritarrek eta agintariek, eta udal txistulari bandako musikariek girotuta ekin diote ekitaldiari. Ikus-entzunezko bat proiektatu dute lehenik, dominak jaso dituzten lagunek eta eragileek egindako ekarpena azaltzeko. Saritu bakoitzaren ibilbideari buruzko erreportajea argitaratu zuen Irutxuloko Hitzak ostiraleko astekarian. Juan Karlos Izagirre alkateak hartu du hitza ondoren, eta dominen garrantziaz hitz egin du. Hori bai, lehenago abenduan zendutako Ramon Labaien alkate ohiari omenalditxoa egin dio, “bera izan baitzen garaikur hauen asmatzailea”. Alkatearen hitzetan, “oinarrizko balioen aldeko” sariak dira dominak. “Hiri turistikoa da hau, kongresuak egiten dituzte hemen, eraikin ederrak ditugu, parke politak ere bai, baina ez dezagun ahaztu herritarrak eurak direla hiria egiten dutenak. Pertsonek egiten dute hiria”, nabarmendu du. Hitz hauen ostean, sarituek banan-banan jaso dute domina alkatearen eskutik, eta hitz batzuk izan dituzte bildutakoentzat. Irakasle, idazle, politikari eta ekonomista da Angel Garcia Ronda, Gipuzkoako Ateneoko presidenteaz gain. Domina lepoan, Gipuzkoako Ateneoko bazkideei egin die ohore. “Heroi txikiak dira, euren laguntza kulturarekiko duten maitasunagatik ematen baitute, eta horrek mantentzen gaitu bizirik”, adierazi du. Saria jasotzen bigarrena Osakidetzako Hiesaren kontrol eta prebentzio planen koordinatzaile Daniel Zulaika izan da. Hiesaren kontrako borrokan bildutako oroitzapenak eta sentimenduak izan ditu gogoan. “Nire omenaldietako bat mutil eta neska horientzat da, esperientzia berriak probatu nahi zituzten horientzat. Ez zekitena zen leku eta une desegokian zirela”, esan du. Hiesa pairatu zuten pertsona horien familiak ere izan ditu presente, “istorio honetako heroiak izan zirelako”, eta gizarteari ere eskerrak eman dizkio. “Domina honen zati txiki bat besterik ez da nirea”, erantsi du. Erroak Sartu elkartearen presidente Igone Birto Carrascok jaso du domina ondoren, ordezkatzen duen elkartearen izenean. Hain zuzen ere, zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratzen lan egiten du Erroak Sartu federazioak. Bertan lan egiten dutenei eta elkartearengana jo dutenei eskaini die saria. “Eskerrak eman nahi diet elkartearen 25 urteetan etorri diren ia 25.000 lagunei, gurekiko izandako konfiantzagatik”, azpimarratu du, hunkituta. Vicenta Benitezek ere jaso du domina elkarte baten izenean; haur sahararrak Euskal Herrira ekartzen dituen familien elkartearen izenean, hain justu. Txalo zaparrada handiena berak jaso du, senide batzuk udalbatzarren aretora hurbildu baitira, Saharako banderekin. Saharako haurrekin gogoratu da Benitez, “Euskal Herrira etortzen diren bakoitzean oparitzen dizkiguten une goxoengatik”. Sahara libre baten aldarriarekin amaitu du bere agerraldia. Azkenik, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoaren presidente Juan Carlos Redondok jaso du domina, berak ordezkatzen duen elkartearen izenean hau ere. “Gipuzkoan ez dadila inor geratu bakarrik, arazoei aurre egiteko itxaropenik gabe”, nabarmendu du bere agerraldian. “Telefonoa jasotzen duten boluntarioei eskaini nahi diet domina, anonimotasunean lan egiten baitute, ordainetan inolako ordain edo sona espero izan gabe”, erantsi du. Dominak banatuta, San Sebastian martxa jo dute txistulariek. Une horretatik urrera, San Sebastian eguneko festa hasi dela esan daiteke.
HITZAkide HITZAkide