
Eskaut Giako kide Patxi Iriondo, Amaia Revuelta, Ibon Etxeberria eta Jose Aldai. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Gauerdia, urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna. Eskaut Gia danborradako kideek bandera igo dute Konstituzio plazako liburutegiko balkoitik eta, horrenbestez, San Sebastian egunari hasiera eman diote. Donostia festa giroan murgilduko da datorren 24 orduetan, eta jai egun horren lehen minutuetan Konstituzio plaza bilakatu da festaren erdigune. Liburutegiaren eraikinean, agintariak –Juan Karlos Izagirre alkatea, tartean– eta herritarrak bildu dira, festaren hasieraz gozatzeko.
Eskaut Giak izan du banderaren igoera ekitaldian egoteko ohorea,
gizon eta emakumeez osatutako lehen konpainia kaleratu zuelako, 1982an. Amaia Revuelta izan zen danborrada horretako lehen emakumezkoa danbor nagusi izaten, eta bera egon da ekitaldian, Patxi Iriondo, Ibon Etxeberria eta Jose Aldairekin batera.