PSE-EEk Haur Danborrada egitea kritikatu du
Euria, haizea eta kazkabarra. Ekaitzak etenaldi txiki batzuk eman bazituen ere, eguraldi txarra egin zuen Haur Danborradan.
Hala ere, ikastetxeetako ordezkariekin hitz egin ondoren Donostia Festak-ek txikien danborrada egitea erabaki zuen. PSE-EErentzat, ordea, erabaki hori ez zen egokia izan. Ernesto Gasco bozeramailearen arabera, “politikariei dagokie horrelako erabakiak hartzea, eta herritarren osasunari, kasu honetan haurren osasunari eman behar litzaioke lehentasuna eta ez norbere interesei; eta mediku batek areago”, gaineratu du Gascok.
Bestalde, Konstituzio plazako ikurrei aipamen eginez, “berriro ere betikoak festa politizatzen” saiatu izana salatu du Gascok. Banderaren igoeran ez zuela bere atsekabea adierazi esan du zinegotzi sozialistak, egoerari oihartzun handiagoa ez emateagatik. Baina pankartak jartzean plazan entzundako txistuengatik poztu zela onartu du Gascok, herritar askoren ezinegonaren seinale izan zirelako.
Banderaren igoera izango da agian donostiarrentzat San Sebastian jaien unerik bereziena. Ernesto Gascok “eskuzabala” izateko eskatu dio Juan Karlos Izagirre alkateari, eta bandera igotzearen ardura txandaka egiteko proposatu dio, Iruñeko Sanferminetan bezala. “Indarkeriarik gabeko aro berri honetan ardura txandakatzea posible da”, esan du Gascok.
Desadostasunak desadostasun, Ernesto Gascok festaz gozatu zuten donostiar guztiak zorindu ditu, bere hitzetan, “herritarrek egiten baitute Donostia handi”.


