
Komentua eta ingurua, Udalak abenduan aurkeztu zuten egitasmoaren arabera. (Argazkia: Donostiako Udala)
Komentua eta eliza agiri bakar batean elkartu dituzte, eta bainuetxea lekuz aldatzea aztertzen ari dira.
Tokiko Gobernu Batzordeak San Bartolome ingurua babestea erabaki du, gaur goizean egindako bileran. Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, babes mailak zehaztuta San Bartolome egitasmoa aurrera ateratzeko adostasunak sendotu nahi dituzte, ingurua eta bertako osagaiak babestuz.
Abenduan aurkeztu zuten San Bartolomeko egitasmoa, komentuan hotel bat eraiki eta goialdean parke publiko bat eraikitzea aurreikusten duena.
Horretarako ordea, Eraikitako Ondare Urbanistikoa Babesteko Plan Orokorra aldatu behar izan dute, bertako hainbat elementuren babes-mailagatik, eta epaitegiek bertan aldaketak egitea debekatzen zuelako. Auzitegi Gorenak 2004an ingurua babesteko emandako agindua betetzen dela bermatzeko Udalak F babes-maila eman dio San Bartolomeko harresiari. Mailakatze berezi bat egin dute harresiarentzako zehazki.
Bestalde, fitxa berean sartu dituzte eliza eta komentua eta C graduko babes-maila eman diete. Hala, ezingo dituzte bi eraikin hauen fatxadak aldatu.
Bainuetxeari dagokionez, bi aukera jarri dituzte mahai gainean. Lehen aukera egitura desmuntatu eta leku berean eraikitzea litzateke. Eta bestela, bainuetxearen fatxada San Bartolome eremura eramango lukete. Horretarako desmuntatu eta berreraiki egin beharko litzateke.