Naiara Sampedro, bere sailetako aurrekontu proiektua aurkezten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal Gobernuak 2014rako proposatu dituen aurrekontuen baitan, Kultur Aniztasuna, Hezkuntza, Gazteria eta Berdintasuneko aurrekontu proiektuak aurkeztu ditu Naiara Sampedro zinegotziak.
Kultur aniztasunari dagokionez, 207.000 euro bideratzea proposatzen du udal gobernuak. Diru hori atal berriaren webgunea garatzeko, sentsibilizazio programetarako eta iaz egindako diagnostikoaren emaitzak eta hauei lotutako jarduerak kudeatzeko izango litzateke.
Jatorri Aniztasuna eta Elkarbizitza Donostian deituriko diagnostikoak agerian utzi zuen jatorri ezberdinetako donostiarren arteko harremana errespetuzkoa dela, baina ia hutsala. Horregatik, elkarbizitzan sakontzeko apustua egin nahi du udal gobernuak. Hala, ildo horretan ari diren elkarte eta taldeak diruz laguntzeko 35.000 euro bideratuko dituzte.
Hezkuntza
Udal gobernuak 6.249.000 euro inbertitzea aurreikusten du. 2013ko diru laguntzetarako aurrekontu saila mantenduko dute, eta hezkuntza programetara 15.000 euro bideratuko dituzte. Sampedrok adierazi duenez, “hezkuntza publikoa jasaten ari den egoera ekonomiko zailean ekarpen hori beharrezkoa baita”. Kalitatezko hezkuntza eskaintzeko behar diren azpiegiturak garatu nahi dituzte horrela.
Arlo honetan, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean sustatutako 40-60 programaren baitan, aurtengo lehentasunak zehaztu ditu Udalak: Zubietako eskola handitzea, Altzako San Jose de Calasanz eskolako jolastokia estaltzea, Amarako eskoletara sarbidea errazteko maldak jartzea eta Jakintza eskolako zentroetako batean sortutako itoginak konpontzea.
Haurtzaroa
Sampedrok azaldu duenez, 2013an egindako inbertsioei esker, Intxaurrondoko haur eskola prest egongo da ikasturte honetan. Gainera, Barkaiztegiko lanak ere epe motzean bideratzea aurreikusten dute. Datozen urteetara begira, Intxaurrondo Hegoako haur eskola 2015erako egitea aurreikusten dute eta Aieteko ikastetxe berria, berriz, 2016rako.
Gazteria
Atal honetan berritasun bat aurkeztu du Naiara Sampedrok. Izan ere, lehen aldiz, haur, gazte eta gaztetxoen diagnostikoa egin nahi du udal gobernuak. Prozesu parte hartzaile baten bitartez hauen beharrak jasoko dituzte.
Gazteria sailerako 2.170.590 euro bideratuko lituzke udal gobernuak, eta partida nagusia, ia 1.100.000 eurokoa, bederatzi Haurtxoko, zortzi Gazteleku, Kontadores eta Etxarrieneko zerbitzuak kudeatzeko baliatuko luke.
Bestalde, aurrekontua onartzekotan, diru laguntzetarako 119.000 euro bideratzea aurreikusten dute.
Berdintasuna
Atal honetan 556.000 euro erabili nahi dituzte berdintasun politikak ezartzen segitzeko, politikagintzan emakumeen partaidetza sustatzeko eta emakumeen ikusezintasunari eta indarkeria sexistari aurre egiteko. “Erakunde publikook berdintasunaren alde lan egiteko eta gizarte patriarkala eraldatzen saiatzeko betebehar morala dugu”, esan du Sampedrok; “sistema honek ez baitie emakumeei gizonezkoen baldintza berdinetan bizitzen uzten”.