Kutxabanken aurka bi salaketa aurkeztu dituzte, IPRH indizea aplikatzeagatik
Jose Ignacio Armendariz donostiarrak eta Errenteriako Lorena Benitezek aurkeztu dituzte salaketak.
Stop Kaleratzeak plataformak eta IRPHak Kaltetutakoen Gipuzkoako Elkarteak elkarretaratzea egin dute gaur Atotxako epaitegi aurrean. Kutxabankek IPRH indizea aplikatzeagatik, Stop Kaleratzeak-en talde juridikoak prestatu dituen bi salaketa jarri dituzte: bata, Jose Ignacio Armendariz donostiarrarena eta bestea Errenteriako Lorena Benitezena.
Armendariz berak azaldu duenez, duela hilabete batzuk IRPH Cajas eta IPRH Bancos indizeak baliogabetuak izan ziren, baina orain “biak nahasten dituen beste bat sortu dute”, IRPH Entidades delakoa, hain zuzen ere. Indize hau salatzen duten lehen aldia da eta epaitegian gehiegizko klausula dela frogatu nahi dute. “Duela hamabost urte Loiolan etxebizitza bat erosteko Kutxabankekin hipoteka bat sinatu nuen. Urteak pasa ahala, bankuari ordaindu behar diodan diru kopurua murriztu beharko litzateke, baina ez da hala izan. Hamabost urte daramat kopuru bera ordaintzen eta hori onartezina da”, esan du Armendarizek.
Lorena Benitezek, berriz, egoera ekonomikoa dela eta, hipoteka ordaintzeko arazoak izan ditu eta 2.900 euro zor dio bankuari. Berandu ordaintzearen interesengatik, zor hau handituz joan da, baina abenduaren 20an Donostiako 4. Epaitegiak interes horiek gehiegizkoak zirela erabaki zuen eta bertan behera utzi zituen. Gaurkoan, Benitezek bere etxea berreskuratu ahal izateko, abokatuak IRPH Cajas indizea aplikatzea ere abusuzkoa dela argudiatuko du.