Nazioarteko Krosean lokatzak ikusgarritasuna areagotuko duela uste dute
Datorren igandeko lehiarako ez dutela euririk iragarri diote antolatzaileek, eta ikuskizun polita egongo dela emakumezko zein gizonezko atleten artean.
Lokatza nagusi izango da Donostiako 59. Nazioarteko Krosean, antolatzaileen esanetan, eta horrek lehia are ikusgarriagoa egingo duela; gainera, euririk ez dutela iragarri diote. Beraz, deia zabaldu dute herritarrak igandeko ikuskizunaz gozatzera joan daitezen, hipodromora. Azken urteetan bezala, gaurko aurkezpenean asko eskertu dute babesleen lana, beraiek gabe proba antolatzen jarraitzea ezinezkoa izango litzatekeela baitiote. Hala, nazioarteko puntako atletez gain (bereziki Maroko, Eritrea eta Keniakoak), gertuagoko atletek ere parte hartzeko esfortzua egin dute. Sei autobus antolatu dituzte, Katalunia, Valentzia, Errioxa eta Burgoseko korrikalariak ere krosean parte hartzera etor daitezen, besteak beste. Zehazki, 10:30ean, benjamin, alebin, kadete, haur eta jubenil mailako korrikalari gazteak lehiatuko dira. Ondoren, 12:30ean, lasterketa nagusiaren txanda izango da.
Kros entrentenigarria izango dela ziurtatu dute antolatzaileek, lehiatua izango baita. Gizonezkoetan lehia bizia espero dute Japeth Korir eta Joseph Ebuya keniatarren artean. Beraietaz gain, Goitom Kifle eritrearra, Geofrey Kusuro ugandarra eta Samuel Tsegay eritrearra ere lehen postuengatik borrokatzeko faboritoak dira. Emakumezkoetan, berriz, lehia polita iragarri dute, Milcah Chemos keniatarra buru izango dela. Lehian arituko dira ere, Nancy Cheptegei (Uganda), Marta Tigabea (Etiopia) eta Saia El Medhi (Maroko), besteak beste.
Bi orduko ibilaldia egiteko aukera egongo da
Krosa ikustearekin batera kirol pixka bat egin nahi dutenek aukera ezinhobea izango dute aurten ere. Izan ere, Vasco de Camping mendi elkarteak Donostiatik hipodromora arteko ibilalditxoa antolatu du, ohiturari jarraituz. Ibilaldiko partaideak Gipuzkoa plazatik irtengo dira, 9:30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzako arkupeetatik. Ondoren, Antiguako Jose Maria Sert plaza, Igara, Zuhaitz igelaren putzua, Aritzeta gaina, Aizpurua baserria eta Zubietako eliza igaroko dituzte, hipodromora iritsi bitarte. Guztira, ibilbidea egiteko bi ordu eta erdi beharko dituztela kalkulatzen dute, eta partaide guztiek krosa ikusteko sarrera doan izateaz gain, salda bero bat ere jasoko dute helmugara iristean. “Partaideak maiz harrituta geratzen dira ibilbidearekin, oso polita da”, aipatu du Txema Garai Vasco de Camping Elkarteko presidenteak.