Reala eta Racing aurrez aurre izan dira Anoetan. (Argazkia: realsociedad.com)
Partidako azken hamar minutuetan joko eskasagoa egin du talde txuri-urdinak, eta orduan iritsi da kanpokoen gola. Urtarrilaren 31n jokatuko dute itzulerako lehia.
Kopako final-erdietara iristeko aukera du Realak, gaurkoan 3-1eko markagailuarekin garaitu baitu Racing. Partida hasi eta berehala aurreratu da talde txuri-urdina markagailuan, eta hortik orduerdira, iritsi da bigarrena; biak Mikel Gonzalezen golak izan dira, eta antzeko jokaldiekin lortutakoak. Ondoren, ordea, Reala bisitaria baino gehiago izan den arren, txispa gutxiko lehia eskaini du. Carlos Velak sartu du hirugarren gola, bigarren zatian, jokoaren 61. minutuan. Realak aukera izan du hiru goleko abantailarekin bukatzeko, baina azken hamar minutuetako joko eskasak ez du barkamenik izan. Hala, Racingen gola iritsi da bigarren zatiaren bukaeran , 83. minutuan, Konek baloia sare artean buruz sartu ostean.
Sekulako zaparradarekin jokatu dute norgehiagokaren hasiera, baina ez du lehia osoan iraun euriak. Edonola, Kopako final-laurdenetako partida baten lekuko izan da lehenengoz Anoeta, eta albiste onekin gainera.
Datorren ostegunean, urtarrilak 30, izango da itzulerako partida, Santanderren, 21:00etan. Hori baino lehenago, ordea, Ligari dagokion Elx-en aurkako partida jokatuko dute txuri-urdinek, astelehenean, 22:00etan.