Gizarte Ongizaterako % 6,6ko igoera aurreikusi dute
Eusko Jaurlaritzak 2013an gizarte larrialdietarako laguntzen eskaera guztiei ez zienez erantzun, 622.000 euroko funtsa sortu dute ezusteko gastuentzat.
Sail honetarako 18.862.270,97 euro aurreikusi dituzte 2014rako. Pertsonen ongizatearen alde udal gobernuak finkatutako lehentasunen artean, 771.362,16 euroko partida bat jaso dute aurrekontu proiektuan Loiolako Erriberako Gizarte Zerbitzuetako zentro berria egiteko. Gune horrek Erribera, Amara, Loiola eta Martutene auzoei emango die zerbitzua.
Eguneko arreta zentroa
Etxerik gabeko pertsonak dira Gizarte Ongizate sailaren beste lehentasun nagusia. Udal Gobernuak Eguneko Arreta zentro bat irekitzea aurreikusi du 2013ko urrian egindako Kalegorrian azterketa egin ostean. Diagnosi horren bidez etxerik gabeko pertsona kopurua eta beharrak zenbatu dituzte.
Zentro berriak honako zerbitzuak eskainiko lituzke: dutxak eta komunak, atseden eta jardueretarako toki bat, eta garbigailu eta lehorgailuko gune bat. Txanda bakoitzean bi edo hiru langile egongo dira. Hala, langileek eta etxerik gabeko pertsonek zuzeneko harremana izango dute, aholkularitza zerbitzua eskainiz.
Zerbitzu hau urte bukaeran edo 2015. urte hasieran jarriko lukete abian. Kokapena, berriz, irisgarritasun eta premiazko irizpide teknikoen arabera aztertzen ari dira. Proiektu honetarako 90.000 euro bideratuko dituzte.
Bestalde, udal gobernuak iazko konpromisoari eutsiko dio, eta lehen Neguko aterpea deiturikoa urte osoan zabalik mantenduko dute.
Ezusteko gastuen funtsa
Gizarte larrialdietarako laguntzei dagokienez, Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziak gogora ekarri du behar guztiei ez erantzutea erabaki zuela Eusko Jaurlaritzak iaz. Horregatik, ezusteko gastuetarako 622.000 euroko funts bat jaso dute aurrekontu proiektuan. Agortu ezean, beste partida batzuetara bideratuko lukete diru hori.
Adineko pertsonen aldeko apustua
Aurrekontuak onartzen badituzte, zaharren etxeek 614.000 euro jasoko dituzte aurten (556.000 euro jaso zituzten iaz). Laguntza hauek funtzionamendu beharretara eta haien jarduerak finantzatzera bideratuko dituzte.
Donostiako herritarrak gero eta zaharragoak direla gogorarazi du Albizuk, eta horiek berezko beharrizanak dituztela. Hala, adineko pertsonei laguntzeko partida ere handituko egingo dute (581.000 eurotik 639.000 eurora).
Albizuk esan duenez, “hiri honetako eragile aktiboak izan behar dute adineko pertsonek, eta haien oinarrizko premiei erantzuteaz gain, garapen pertsonalerako hainbat esparru ere eskaini behar zaizkie”. Parte hartze prozesu bat egin dute aiton-amonen beharrak eta lehentasunak azaltzeko. “Donostia hirugarren adinarentzat adiskidetsuak diren hirien sarearen sortzaileetako bat da, eta horren arabera jokatu behar dugu, hura titulu huts bat izan ez dadin”, esan du Albizuk.
Mendekotasun plan berria
94.300 euro aurreikusi dituzte Tokiko Mendekotasun plana prestatzeko. Hainbat programa jarri dituzte abian: familiei laguntzeko zerbitzua, informazioa zabaltzea gazteen lokaletan eta beste hainbat jarduera, plan berria aurrekoa baino osoagoa izan dadin.
Etxez etxeko laguntza
Prezio publikoa aplikatzearen eragina erantsi diote etxez etxeko laguntzari. Erabiltzaileen ekarpena kalkulatzeko orduan, erreferentziako gehieneko prezio bat ezarriko dute haien ahalmen ekonomikoaren arabera. Kostuetan duten partaidetza murriztea ekarriko du horrek, eta ondorioz, udalaren ekarpena handiagoa izango da. Hala, arlo honetarako partida 7.339.000 eurotik 7.596.000 eurora igoko litzateke.
Diru laguntzak
2013ko aurrekontuaren zenbatekoak mantendu dira Udalaren diru laguntzetan. Aurtengo aurrekontu proiektuko zenbatekoak aski izango ez balira, beharrezko baliabide ekonomikoak bilatuko lituzkete.
Jon Albizu, Gizarte Ongizateko zinegotziaren arabera, “aurrekontuek gobernu honek pertsonen alde egiten duen apustu irmoa agerian uzten dute, eta baita herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko asmoa ere; gizarte bazterketa saihesteko edo iraultzen saiatzeko”.