Hiria txukun mantentzeko ahalegin handiagoa egingo dute
Nora Galparsoro, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, “hiria herritar guztiek partekatu eta gozatzeko espazioa izan behar du”. Helburu horrekin, bere sailaren aurrekontu proiektuko lehentasunak zehaztu ditu.
Mantenu zerbitzuak areagotuko dituzte, eta lan horiexek hartuko dute aurrekontu osoaren zatirik handiena: 48.419.875,40 euro (iaz baino % 3,21 gehiago). Gehikuntza hori saneamendu lanetan nabarituko da bereziki (8.390.256,77 euro), parke eta lorategiak mantentzeko 4.922.779,60 euro bideratuko dituzte; bideak garbitzeko, 11.385.077,29 euro; hondartzetarako, 2.11.323,69 euro; eta argietarako 4.488.630 euro.
Zabor bilketari dagokionez, edukiontzi marroia jartzea aipatu du Galparsorok. Zerbitzua handitzeaz gain, zabor gutxiago sortu eta San Marko Mankomunitatera tona gutxiago bidaltzea izango da helbura. Hala, zabor bilketarako 5.746.204,54 euro bideratuko dituzte. Honela, San Marko mankomunitateari 9.866.434,96 euro ordainduko dizkiola jaso du Gobernuak aurrekontuan; iaz baino 838.567,73 euro gutxiago.
Bi lehentasun horietan langileen gastuei dagokienean, gehikuntza txiki bat legoke, batez ere kale eta bideetako lantaldeagatik, zoladurak hobetzeaz arduratuko baita, eta zaborrak biltzeko zerbitzua ere indartuko baitute. Mantentzeko langile gastuetarako guztira 5.862.382,84 euro jaso ditu aurrekontu proiektuak; 2013an baino apur bat gehiago (5.775.980,32 euro).
Espazio publikoak berreskuratu eta hobetzea da udal gobernuaren beste lehentasunetako bat. Horregatik, Zedro eta Zarategi pasealekuetako espaloi eta azpiegituren hobetzea, Los Luisen bigarren fasearen exekuzioa, atzeko eremuen egokitzapenari dagokiona, Haur Parke baten estaltzea, Loiolako gune batzuk oinezkoentzako egokitzea eta Morlansen zarata gutxitzeko hesiak jartzea dira aurreikusi dituzten lan batzuk.
Aurrekontu proiektuak bere baitan biltzen ditu saneamenduko inbertsioak ere, Martutene auzoko ekaitz gordailua esaterako, uholdeen aurrean egiten ari diren lanen baitan behar beharrekoa izango dena. Argiteriaren kasuan, energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak epe motzea berreskuratuko direla uste du udal gobernuak, argindarraren faktura jaitsi egingo bailitzateke, ingurumenari eragingo liokeen onuraz gain.
Azkenik, dauden egoeragatik konpondu beharreko eremu batzuk ere aipatu ditu Galparsorok. Horien artean leudeke Zubiaurre pasabidea, Autonomia kaleko pasabidea, Katalina Eleizegiko maldaren egonkortzea eta Kontxako barandaren berritzea.