Martuteneko garaje eta atari batzuetan sartu da ura; udal zerbitzuak bizilagunekin harremanetan jarri dira eta ura xukatu dute.
Indarrez zetorren Urumea ibaiko ura, gaur arratsaldean. (Argazkia: E. Zabala)
Badirudi Urumeak ez diela atsedenik hartzen utziko Martutene eta Loiola inguruko bizilagunei. Etengabeko euri zaparraden ondorioz, Martutenen Urumearen maila 4,4 metrotan zegoen gaur goizean, baina azkeneko orduetan egonkortu eta behera egin du. Hala ere, gainezka egin du urak leku batzuetan, garaje eta atari batzuetan sartuz, kalte nabarmenik eragin gabe.
Bart gaueko gertakizunetatik honakoak nabarmendu ditu Donostiako Udalak: Ura Okendotegiko zenbait portaleetara heldu da; Ura xukatzeko bonbak erabili dituzte gune horretan; 27 poligonoaren pareko beheko pasabidean ura sartu eta denbora batez moztu egin dute zirkulazioarentzat eta egoera bere onera bueltatu da; Martuteneko zenbait garajetan ere ura sartu da; Kristobaldegira ere ura iritsi da; Dbusek 49 bizilagun jaitsi ditu Garberatik 7 zerbitzutan, 3.55ean lehen zerbitzua egin duenetik; Garabiek erretiratu ez diren hiru ibilgailu mugitu diztuzte; Bizilagunei SMS zerbitzuaren bidez abisatuko die udalak ibilgailuak Garberatik noiz jaitsi ditzaketen jakin dezaten; Ez da beharrezkoa izan elkarguneetan Gizarte Ongizate departamentuak inor artatzea eta ez da gertakari larririk izan.
Krisi mahaia bildu da
Horretaz guztiaz gain, krisi mahaia bildu da Donostiako udaletxean, Urumearen igoerak eragiten dien herrietako ordezkariekin. Zehazki, Urumea arroan uholdeak ekiditeko erakunde arteko batzordearen zazpigarren bilera egin dute, honakoek: Eusko Jaurlaritzako eta Uraren Euskal Agentziako ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Donostia, Astigarraga eta Hernaniko Udaletako ordezkariak, Añarbeko Uretako ordezkariak eta, Gobernu zentralaren aldetik, Kosten Zuzendaritza. Hauekin batera, bizilagun elkarteen ordezkaritza ere egon da. Bertan udalerri hauek uholdeekiko duten egoera eztabaidatu, eta etorkizunera begira, ekintza eta proposamen zehatzak aztertu dituzte. Horien artean, Donostiari dagozkion hauek:
- ETS Zubia, Loiola. Lanen egoera: Zubi berria jartzear da, eta lanak 2014ko irailerako bukatuta izatea aurreikusten dute;
- Martuteneko proiektuaren egoera: Proiektua gainbegiratu eta aurretiko oniritzia jaso eta gero, jendaurreko informazioaldia hastear da. EHAAn, 2014ko urtarrila 7an argitaratuko da, eta jendaurrean ikusgai jarriko dago Donostiako Udalean, URAko Donostiako egoitzan, eta webgunean. Lanak 2014ko amaierarako hastea aurreikusten dute.
Halaber, URAk azaldu du Ibaien Mantentze lanak egiteko duen programaren xedea, eta Urumeako arroan eskumen banaketaren arabera, erakundeek lan horietan parte hartzeko beharraz informatu du. Batzordeak martxoaren 17an egingo du hurrengo bilera. Donostiako Udaletxean bilduko dira berriro ere, eta bertan, obren kronogramaz eta finantzaketen gaineko akordio posibleez hitz egingo dute. Bitartean, parte hartzen duten erakundeak elkarlanean arituko dira gainontzeko lanen programazioa prestatzeko.