"Zorionak Txantxangorri, zorionak beti!"
Añorgako haurrentzako aisialdi taldeak bi urte bete ditu; begirale eta haurrek jai giroan ospatu dute urtebetetzea.
Añorgako Gazte Asanbladak duela bi urte sortu zuen Txantxangorri Taldea. Auzoko haurrei aisialdia Añorgan bertan eskaintzea du helburu taldeak, euskara eta partehartzea oinarritzat hartuz, besteak beste. Hamar gazte inguru dabiltza begirale lanetan, eta konturatu gabe bi urte igaro zaizkie guztia abiatu zutenetik. Iaz lehen urtebetetzearekin egin zuten moduan, gaur ere bigarren urtebetetzea ospatzeko jaia egin dute Txantxangorriko kideek. Añorgako zinean elkartu dira, eta urtebetetze jai ederra egin dute.
Hasteko, bi urteetako errepasoa jasotzen zuen bideo bat ikusi dute begirale eta haurrek; ondoren, zinea apaindu dute, puxika eta serpentinekin; eta azkenik, askaria irabazteko, haur guztiek zerbait egin behar izan dute. Hala, taldeka bildu dira haurrak, eta bakoitzak bere lana prestatu ondoren, guztien aurrean aurkeztu dute: Magia erakustaldia, koreografia, marrazkia… guztiek egin dute zerbait. Horien artean, haur batzuek Zorionak zuri abestu dute, ahots biziz, “Zorionak Txantxangorri, zorionak beti!”. Erakustaldi guztien ostean, askaria egin dute, baina horretarako ere lan egin behar izan dute txikiek. Hiru gune bereiztu dituzte, Pizzeria, Gozotegia eta Fruitutegia. Hala, leku bakoitzean haur bakoitzak bere askaria prestatu behar izan du, begiraleen laguntzarekin.
Datorren urtera arte ez dute taldearen urtebetetze jairik izango, baina Txantxangorrik lanean jarraitzeko asmoa dauka, eta haurrek zertaz gozatu izango dute urtean barrena.