Donostiarren ekarpenak jaso dituzte Euskal Herriko eskubide sozialen karta osatzeko
Hogeita bost lagun inguru bildu dira Ernest Lluchen egindako bilera irekian.
Politikan, ekonomian zein giza baloreetan eskubide sozialen sekulako gainbehera gertatu dela uste dute hainbat Euskal Herritarrek. Hori dela eta, zerbait egiteko garaia iritsi dela uste dute, eta herritarrak mugitzea eta biltzea beharrezkotzat jotzen dute. Hala, hainbat eragile sozial eta sindikal bildu dira, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzea erabaki dute. Herriz herri talde dinamizatzaileak sortu dituzte, eta kartaren zirriborroa osatu eta eztabaidatzen hasi dira. Donostian bost eragileetako ordezkariek osatu dute talde dinamizatzailea, eta lehen bilera irekia egin zuten atzo, Amarako Ernest Lluch kultur etxean. Asanblada horren eginkizuna, aldaketa soziala bultzatzea helburu duen kartaren osaketa da, eta Donostiako auzo guztietara iritsi nahi du. Bileran hogeita bost lagun inguru bildu ziren, eta bertan kartaren nondik norakoen berri jaso ostean, euren zalantzak argitu zituzten, eta lanari ekin zioten.
Hasteko, Donostiako kaleetan barrena jasotako iritziekin osatutako bideoa ikusi zuten. Bertan, herritarrei giza eskubideak zer diren eta errespetatzen ote diren galdetu zieten, eta erantzunetan argi geratu zen, donostiarren ustetan eskubideak ez direla errespetatzen. Bideoa ikusi ostean, Ernest Lluchen bildutakoek euren iritziak eman zituzten, eta guztiek argi zuten politikariek ez dutela gizartearen egoera aldatuko, beraz, lan egiteko garaia dela. Hala, talde txikitan bildu ziren proposamenak lantzeko, eta ondoren, proposamenak guztien artean elkarbanatu zituzten.
Behin prozesua zabalduta, helburua garbia da, karta osatzea, baina ez dakite noiz arte luzatuko den. Behin eskubide sozialen karta osatuta, horrekin zer egin ere erabaki beharko dute, azken batean, gizartea mugiarazi eta aldatzea baita helburua.



