Paul de la Cuesta: "Lehen hamabosten artean sartu nahi dut"
Eskiatzaile donostiarrak Soshin jokatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du.
Iristear dira Neguko Olinpiar Jokoak, otsailaren 7tik 23ra jokatuko baitituzte, Soshin. Bertan izango da Paul de la Cuesta eskiatzaile donostiarra, eta bere helburuen berri emateko prentsaurrekoa eskaini zuen larunbatean, Donostian. “Oso lan gogorra egin dut azken lau urteetan. Helburuak lortzeko edozein kirolarik egiten duen moduan, nire buruari asko eskatu diot. Lan honen emaitzak agertu dira orain, eta Sochiko Olinpiar Jokoetara Vancouverrekoetara baino egoera hobean iritsiko naiz. Vancouverren nire helburua lehen hogeita hamarren artean sartzea zen, oraingoan lehen hamabosten sartu nahi dut”, azaldu zuen De la Cuestak prentsaurrekoan.
Basque Team-en babespean joango da Soshira De la Cuesta, eta pozik agertu zen. Zehazki, Jaitsieran, Super Konbinatuan, Super Erraldoian eta Erraldoian lehiatuko da donostiarra, otsailaren 9tik aurrera. “Eslaloma tartean egonda, Super Konbinatua aukera ona izaten da marka ona lortzeko, baina bereziki Jeitsiera eta Super Erraldoia prestatu ditut, hauetan indartsua naiz eta”, gehitu zuen.
Olinpiar Jokoak iritsi aurretik, ordea, Europako Kopako bi probatan lehiatuko da De la Cuesta, Super Konbinatuan eta Super Erraldoian, bihar eta etzi, Suitzako Crans-Montana eski estazioan. Ondoren, Munduko Kopako saio batean izango da, otsailaren 1ean eta 2an, St. Moritz-en. Otsailaren 4ean abiatuko da Sochira, eta honakoa izango da bere egutegia: Jaitsiera (otsailak 9), Super Konbinatua (otsailak 14), Super Erraldoia (otsailak 16) eta Erraldoia (otsailak 19).