Griezmannek hiru gol sartu ditu. (Argazkia: Realsociedad.com)
Realak garaipen erraza lortu du gaur gauean, Anoetan, Elxen aurka (4-0). Astelehenean izan da partida, 22:00etan, euripean, negu giroan, inoiz baino ikusle gutxiagoren aurrean. Hala ere, hotz atera beharrean, bero irten da Reala berdegunera, eta 2. minuturako egin dute lehen gola txuri-urdinek. Griezmannek ireki du markagailua, nola ez, frantziarraren beste partida zoragarri batean. Hiru gol sartu ditu gaurkoan, eta dagoeneko hamabost egin ditu Ligan.
12. minutuan errepikatu du aurrelari gazteak, eta 2-0ekoarekin iritsi dira bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian gauzak ez dira aldatu. Realak sendo jarraitu du, ondo kokatuta zelaian, kontraerasoen zain. Horrela iritsi dira lehiako beste bi golak. Velak egin du 3-0ekoa 50. minutuan; eta Griezmannek 4-0ekoa, 74. minutuan.
Bikain aritu da Reala, astelehenez jokatutako azken partidan ez bezala. Orduan Vila-realen aurka jipoi galanta jaso zuen; oraingoan, donostiarrak nagusi izan dira. Astelehenik ez, gaurkoan.
Astelehenean ez, ostegunean izango da hurrengo partida, beti ere Santanderreko Racing taldeko jokalariek jokatzea erabakitzen badute. Klubeko zuzendaritzak dimisioa aurkeztu ezean, Kopako final-laurdeneko itzulerako partida ez dutela jokatuko esan dute. Anoetan, joaneko partidan, Realak 3-1 hartu zuen mendean Racing.