Partaidetza zuzenari buruzko jardunaldiak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ingurumen sailerako 3.879.527 euro aurreikusi dituzte; Partaidetza sailerako, berriz, 704.303 euro.
Gaur aurkeztu ditu Axier Jaka Partaidetza eta Ingurumen zinegotziak bere sailetarako aurrekontu proiektuan jasota dauden ardatzak.
Ingurumen sailari dagokionez, lau dira helburu nagusiak: Donostiako espazio naturalak mantendu eta babestea, Donostiaren garapen iraunkorra sustatzea, Donostiako osasun publikoa babestu eta hobetzea eta ingurumen nahiz garapen iraunkorrean herritarrak sentsibilizatzea eta heztea.
Helburu hauek betetzeko 3.879.527 euroko aurrekontua proposatu dute Ingurumen sailerako; 2013an baino 110.000 euro gehiago.
-Bioaniztasun eta ingurumenaren babesa lantzeko proiektuak Ulian Hyla Meridionalis igelarentzako bi putzu egitea jasotzen du. Baita Artikutzako ur-ekosistemaren babeserako ekintza plana aurrera eramatea eta bertako ondare naturala ikertzeko ikerketa beka bat eskaintzea ere.
Axier Jaka, Ingurumen eta Partaidetza zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
-Garapen jasangarriari dagokionez, energia efizientzia jarduerak egingo lirateke Ijentea eraikinean eta ikastetxeetan. Gainera, bi inbertsio ere egingo lirateke: bata, 120.000 eurokoa, Lauhaizetako Baratze Publikoen bigarren faserako, eta Ibai Ikastolan, Biomasa galdara bat jartzeko (53.000 euro).
-Osasun publiko eta ingurumenekoari dagokionez, Parte Zaharreko gaueko aisialdi mapa eta guneko plan baten garapena egitea aurreikusi dituzte. Baita erradiazio elektromagnetikoarekin lotutako ikerketak ere.
-Hondakinen prebentzioari dagokionean, auzo konposterako bi gune berri jarriko dituzte, eta auzokonposta bultzatzeko eta edukiontzi marroiaren zabalpenerako sentsibilizazio kanpaina bat ere egin nahi dituzte.
Partaidetzan, herritarrak ardatz
Jakak azaldu duenez, hiritarren artean partaidetza politikorako kultura sustatzea, herri eta gizarte mailako mugimenduak indartu eta sendotzen laguntzea, Udala Donostiako auzo eta herrietara gerturatzea eta demokrazia zuzena hiritarren partaidetzarako tresna gisa egonkortzea dira Partaidetza sailaren erronkak.
Horretarako 2014rako 704.303 euroko aurrekontua proposatu dute; 2013an baino % 12 handiagoa.
Erronka horiek lantzeko Donostiako herri eta auzoetako partaidetza indartzeko jarduerak egingo dituzte, eta partaidetzarako gune iraunkorrak ere indartuko dituzte; Kontseilu soziala, abian diren hamabi aholku batzordeak eta Auzo Elkarteen Bilgunea hain zuzen ere.
Bestalde, ikastaroak eskainiko dituzte Donostiako elkarte eta herri mugimenduen artean: diru laguntzak nola eskatu, komunikazioa, bitartekaritza eta komunitateko lanak nola bideratu, adibidez.
Partaidetza eta demokrazia zuzena sustatzea ere beste ardatzetako bat izango da. Eta elkarte eta herri mugimenduentzako diru laguntzak mantenduko dituzte: 72.000 euro guztira.