EAJ: "Udal gobernuak egin dezakeen onena proiektua baztertzea da"
Jeltzaleen ustez udal gobernuak 2014rako aurkeztu duen aurrekontu proiektua “Donostiaren beharretatik oso urruti dago”, eta dauden bitarteko guztiekin krisi ekonomikoaren ondorioak gainditzea izan behar luke Udalaren lehentasuna.
Halaxe adierazi du Eneko Goia, EAJko bozeramaileak. Bere ustez, udal gobernuak beste lehentasun batzuk ditu, ordea: “diru sarreretan sei milioiko gehikuntza badago ere, inbertsioetan %13ko jaitsiera aurreikusi dute (2013an 55 milioi euro eta 2014an 49 milioi euro).
Aldi berean, gastua, eta Udal barruko gastua bereziki, igo egin dela adierazi du zinegotzi jeltzaleak; “Udalak gehiago gastatzen du bere barne funtzionamenduan eta besteentzako ekarpenak murriztu egin nahi ditu”, salatu du Goiak.
Baldintza horiekin EAJk ez duela aurrekontu proiektua babestuko adierazi du Goiak; areago, osoko zuzenketa aurkeztuko dute. “Udal gobernuak egin dezakeen onena proiektua baztertzea da, eta Donostiaren benetako beharrei aurre egiten dien beste bat egitea, bestela, porrotari egin beharko lioke aurre”, nabarmendu du bozeramaile jeltzaleak.