TAO makina. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Sozialistek osteguneko udalbatzarrera eramango dute gaia, eta mozio bat aurkeztuko dute Parte Zaharreko eta batez ere Erdialdeko bizilagunei eragiten dieten neurriak bertan behera uzteko eskatuz.
Datu zehatzak aurkeztu ditu gaur Ernesto Gasco bozeramaile sozialistak Erdialdeko kale komertzialenetan aparkatzeak sortzen dituen arazoen inguruan mintzatzeko.
Gascok emandako datuen arabera, 1.2 eremuan aparkatzeko 669 leku daude eta 1.090 herritarrek dute egoiliarrentzako txartela. 1.2 eremua oso zabala da Askatasunaren etorbidetik Pio XII kaleraino, eta “eskaera eta ezkaintza ez daude batere orekatuak”, esan du Gascok.
Parte Zaharreko eremuari dagozkion datuen arabera, 612 leku leudeke eta 700 txartel egoiliar. “Agian gaizki pentsatzea litzateke baina badirudi Parte Zaharrean hobeto egokitu dituztela beharrak; espero dugu auzo bakoitzeko boto emaile kopuruaren arabera ez zehaztea baldintzak”, esan du Gascok.
Autoa aparkatzea bizilagunentzat eta hirira erosketak egitera edo bisitan datorrenarentzat oztopo bat ez izatea nahiko luke PSE-EEk. Horretarako, kaltetuekin bildu, zuzenean euren proposamenak jaso eta adostutako irtenbide bat bilatzea proposatu dute sozialistek.