Iñaki Rodriguez: "Euskaraz ongi pasatzeko eta elkar ezagutzeko antolatzen dugu topaketa"
http://youtu.be/OINzaQDM0gw
Bidebieta Institutuko, Mendiola eta Karmengo Ama Ikastetxeko 11 eta 13 urte bitarteko ikasleek herri kirolen inguruko hamargarren topaketa ospatu dute.
Lehen Hezkuntza Mendiola eta Karmengo Ama ikastetxeetan egin duten ikasleak dira DBH eta Batxilergoa egitera Bidebieta Institutura joaten direnak. Bigarren batxilergoan dauden gaztetxo horiek izan dira gaur ospatutako topaketa antolatzen lagundu dutenak. Haizea Moreno ikasleak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dio hiru ikastetxeetako ikasleak lau taldetan banatu dituztela: laranjak, gorriak, urdinak eta horiak. Ondoren, talde bakoitzeko partaideek zenbait jolasetan parte hartu dute. Horien artean, sokatira eta zaku-lasterketa izan dira ikasleei gehien gustatu zaizkienak eta primeran pasa dute.
Guztira, bost jolas egin dituzte eta bakoitza amaitu bezain laster, antolatzaileek prestatutako arbela batean emaitzak idatzi dituzte. Irabazlearen izena talde urdin eta gorriaren arteko lehiaren ostean jakin da. Sokatiran berdinduta zeudenez, beste txanda bi egin behar izan dituzte. Finaleko baldintza, bi txanda horiek irabaztea zen eta talde urdinak ahal izan duen indar guztia egin duen arren, bi alditan gorriak izan dira garaile.
Topaketaren helburua herri kirolak ezagutaraziz, hiru ikastetxeen arteko harremana sendotzea dela adierazi du Iñaki Rodriguez Bidebieta Institutuko Gorputz Hezkuntzako irakasleak. “Euskaraz ongi pasatzeko eta elkar ezagutzeko antolatzen dugu antolaketa”. Azken batean, euskal kultura eta gorputz hezkuntza uztartuz, ikasleek elkar ezagutzeko eta ongi pasatzeko aukera dute.
[Gallery=136]