Josu Ruiz eta Jabi Vitoria. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal gobernuaren ustez, Donostia eta donostiarren beharrei erantzuteko egokia den aurrekontua prestatu dute 2014rako, eta irmoki defendatuko dute. Prentsa bidez jaso dute oposizioko hiru alderdiek osoko zuzenketa aurkeztuko dutenaren albistea, eta “harriduraz” jaso dute berria. Desadostasunez haratago, oposizioak arrazoi politikoengatik hartu duela “ezezkoaren jarrera” esan du Josu Ruiz, udal gobernuko bozeramaileak, eta “erantzunkizunez eta arduraz” jokatzeko eskatu die oposizioko kideei.
Aurrekontuak hiriari egonkortasuna emateko beharrezko tresna direla gaineratu du Jabi Vitoria, Ogasun arduradunak; “Donostiak aurrekontu bat behar du”, esan du. Gutxiengoan lanean ari den gobernuaren irudia islatu eta jarduera politikoaren blokeo saiakera bat dela egotzita, euren jarrera arrazoitzeko eskatu diete oposizioko ordezkariei. “Aurrekontuen onarpenak luze jotzen du; abenduan aurkeztu genituen helburu batzuk, azalpenak eman ditugu batzorde bileretan. Orain aurrekontuak mahai gainean jarrita, eztabaidarako, hobetzeko unea da, horregatik ez dugu ulertzen oposizioaren jarrera. Esan dezatela zer den gustatzen ez zaiena edo aldatuko luketena, eta hitz egingo dugu; argudio antzuek ez digute balio”, esan du Josu Ruizek.
PPk aurrekontuak irakurri aurretik ezezko jarrera erakutsi zuela salatu dute udal gobernuko ordezkariek. Gehiago harritu ditu PSE-EE eta EAJren jarrerak. “Eusko Jaurlaritzan gobernagarritasun, egonkortasun eta erantzunkizunaren izenean lortutako akordioek zergatik ez dute balio Donostiarako?”, esan du Vitoriak, EAJri dei eginez.
Udal gobernuko ordezkariek esan dutenez, oposiziokoek ez dute eztabaidarako borondaterik erakutsi, “ezetzaren jokoan sartu dira; oraingoan aurrekontuak izan dira, gero beste zerbait”, esan du Ruizek. Ostiral honetan bukatzen da aurrekontuei zuzenketak egiteko epea. Gogoeta egin eta oposizioak bere jarrera aldatzea espero dute; osoko zuzenketa baztertu eta zuzenketa zehatzak aurkeztea, alegia.
Bilduren jarrera
Herritarren beharretan oinarritutako aurrekontuak direla defendatu dute Vitoria eta Ruizek. Oinarrizko behar horietara bideratu dituztela inbertsioak esan dute, eta gainera 2014rako aurrekontua krisiari aurre egiteko egokia eta zerbitzu publikoak bermatzeko zehaztua dela esan dute; bertako ekonomia sustatu eta enplegua sortzera bideratutako aurrekontuak.
Urumeako arazoa konpontzeko ahalegin berezia aurreikusi dute, gastu soziala ere igo dute krisiaren ondorioz sortu diren beharrei erantzuteko, eta baita Eusko Jaurlaritzak eta beste erakundeek ematen ez dituzten laguntzak beraien gain hartuz.
“Aldaketarako politika hauek guztiak blokeatzeko saiakera bat egin du oposiziak, ez dago desadostasunik, interes politikoak baizik”, esan du Ruizek, eta erantzunkizuna eskatu die, “jarrera honekin donostiarrak baitira kaltetuen aterako direnak”, gaineratu du Ruizek.
Ez dakite 2014ko aurrekontuarekin zer gertatuko den, baina udal gobernuak bere lehentasunak oso argi dituela adierazi dute: krisiari aurre egitea ekonomia sustatuz eta gizarte inbertsioak eginez, gizarte zerbitzuak eguneratu eta hobetzea, eta kultura apustu estrategiko moduan lantzea.
Donostiarrei berriz, Bilduk hirira ekarri dituen aldaketekin aurrera jarraituko dutela adierazi die Ruizek, udal gobernuaren izenean.